Stock azoka Aterpeako hainbat dendatan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 17a

Aterpea herriko merkatarien elkarteak Stock azoka antolatu du beste urte batez. Datorren asteko larunbatean egingo dute, irailaren 26an, egun osoan zehar.

Aurtengo edizioan 10 dendak hartuko dute parte. Ekitaldi klasiko bihurtu da hori jada, baina berrikuntzak dakartza aurtengoan: 10 denda horietako bakoitzak bere komertzioan bertan antolatuko du azoka, denak puntu bakar batean bildu beharrean. Karpa moduko bat jarriko dute 10 denda horietako bakoitzean, herritarrek jakin dezaten nortzuk ari diren stock azokan parte hartzen. 

Josema sarraila-denda eta burdindenda (Kale Nagusia 65), Alba moda, Olmi mertzeria, Urruzola mertzeria, Iturbe zapata-denda, Santana informatika, Abreu bazarra, Alda osagarriak, Akene zapata-denda eta Aritza mertzeria dendek jarriko dituzte produktuak salgai datorren asteko larunbateko azoka horretan. 

Herriko merkataritzari bultzada

Aterpearen izenean Ramon Ormazabal kideak hartu du hitza gaurko aurkezpen prentsaurrekoan. Adierazi du Lasarte-Oriako dendei "bultzada" emateko asmoz antolatu dutela Stock azoka aurtengoan ere: "Nahiago genuke horrelako azokarik egin beharko ez bagenu, horrek adieraziko lukeelako dendek den-dena saltzen dutela. Azoka honen bitartez, produktu berriak sar ditzakete biltegietan dendek, horren berriak ez direnak salduz eta komertzioak biziberrituz". 

"Aterpeak herriko merkataritza sustatzearen aldeko ekintzak jarraitzen du, stock azoka hau da horren erakusgarri", nabarmendu du Ormazabalek. Era berean, eskerrak eman dizkie irailaren 26ko ekitaldi horretan parte hartuko duten dendei eta baita Lasarte-Oriako Udalari ere, Sozioekonomia Batzordeari bereziki.

Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza ondoren, udalaren izenean adierazpenak egiteko. Alkateak aipatu du Stock azokaren gisako ekitaldiak babestu eta sustatuko dituela udalak ere, herriko komertzioentzat onuragarriak direlako. "Udaletik gustatuko litzaiguke Lasarte-Oriako gero eta denda gehiagok parte hartzea horrelako ekimenetan, eta Aterpea elkartera ere gero eta komertzio gehiago batzea". Sozioekonomia zinegotzi Beatriz Juezek aipatu du arlo sozioekonomikoa "are gehiago" indartzen dela azoka horrekin.