Murua eta Alberdi Lasarte-Oriako parroko berriak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 14a, 12:30

Xabier Andonegi apaizak azken egunak ditu Lasarte-Oriako San Pedro elizako parroko bezala. Irailaren 27an Donostiako San Vicente elizako parrokia hartuko du bere gain eta hamazazpi urteren ostean, Lasarte-Oriako elizbarrutia utziko du. Ez da apaizik etorriko bere hutsunea betetzeko eta Juan Luis Murua Arantzazuko Amaren elizako parrokoa eta Usurbil eta Aginagako parroko Ibon Alberdik batera hartuko dute Lasarte-Oria eta Usurbilgo elizbarrutia zuzentzeko ardura. Hiru apaizekin hitz egin dugu egoera berriari buruz jakiteko.

Irailaren 20an, 12:30ean, eskainiko du Xabier Andonegik azken meza San Pedro parrokian. Izan ere, Donostiako San Vicente elizako parroko berria izango da. Andonegik azaltzen digun bezala, “Felix Garitano egungo parrokoak erretiroa hartzen du eta bere lekuan ni joango naiz. Gainera, Felix Brigitarren komentuko kaperaz arduratuko da”.

Lasarte-Oriak parroko berria izango du beraz, edo hobe esanda, bi parroko izango ditu. “Erretiratzen diren apaizen lekukoa hartuko dutenen apaiz edo apaizgaien kopurua txikia eta zaila izango da aurrerantzean hu-tsuneak betetzea”, aipatu du Juan Luis Muruak. 

Ondorioz, Juan Luisek berak eta Usurbil eta Aginagako parroko den Ibon Alberdik hartuko dute bere gain erantzukizuna. “Figura berri bat da 'in solidum' parrokoa. Horrek esan nahi du, biak izango garela elizbarrutia osatzen duten lau elizen parroko, bereiztasunik gabe”, aipatu du Muruak.

Ibilbidea

Juan Luis Murua añorgatarrak 20 urte daramatza Lasarte-Orian apaiz lanetan. 

Lehenik apaiz lagunkidea izan zen Arantzazuko Amaren elizan eta 2004an On Ramon Uribe-Etxeberriak erretiroa hartzerakoan parroko bilakatu zen.

Ibon Alberdi hernaniarra berriz, Errenterian izan zen 10 urtez, lehenik apaiz gai eta gero apaiz lanetan. 

Duela 6 urte Usurbileko Salbatore elizako eta Aginako San Frantzisko elizako parroko izendatua izan zen.

Ordutegi aldaketak

Apaizek aipatu legez, eliztarrei egoera azaldu zaie, elizkizunetan aldaketak izango baitira. “Lau parrokietako ordutegiak antolatu eta finkatu ditugu, batez ere, meza eta hiletak”, azpimarratu dute.

Lasarte-Oriako elizei dagokionez, larunbatean San Pedro elizan izango da bakarrik meza. Hau 19:00etan egingo da eta bi hizkuntzatan eskainiko da.

Igandeari dagokionez, San Pedro parrokian 10:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz izango dira mezak; Arantzazuko Ama elizan, aldiz, famili eukaristia egingo da 11:00etan bi hizkuntzatan eta gaztelerazko meza 12:00etan.

Hiletak

Parroko berriek azaldu digutenez, hileta elizkizunetan honako baldintzak jarraituko dira:

- Lehen hildakoaren ahaideek aukeratuko dute tokia, eliza. Beste norbait hilko balitz eta egun berean nahiko balu hileta, biak elkarrekin izango lirateke toki berean, aurrenekoek aukeratutakoan. 

- Hizkuntza aldetik, biek hizkuntza bera nahiko balute aukeratutako hizkuntzan egingo litzateke. Beste kasu guztietan bi hizkuntzatan ospatuko litzateke hileta.

- Elkarrekin hileta egiterik nahiko ez balu edo beste elizan ospatu nahiko balu, hurrengo egunean ospatuko litzateke. Baina beste hildakorik balego elkarrekin izango lirateke berriz ere.

Agurra eta izendapena

Baina lehen aldaketak irailaren 20ko asteburuan egingo dira, herritarrek Xabier Andonegiren agurrean parte hartu ahal dezaten. 

Asteburu horretan honakoak izango dira elizkizunen ordutegiak Arantzazuko Ama elizan larunbatean, 20:00etan eta igandean 11:00etan. Bi mezak bi hizkuntzatan egingo dira. San Pedro elizan, aldiz, larunbatean 19:00etan euskaraz.

Juan Luis eta Ibonen izendapen ofizialerako eguna berriz, irailaren 27an  izango da: “Gotzaina etorriko da izendapen berriari bedeinkapena emateko”.

Ospakizuna San Pedro parrokian, 12:30ean egingo da. “Ospakizun honetara denok gaude gonbidatuak, Kristau elkarte bat izanik, ospa dezagun elkarrekin Eukaristia. Horregatik ahal dugunok elkartu gaitezen San Pedroko Eukaristia honetan”.

Ondorioz, Arantzazuko elizan meza bakarra izango da asteburu horretan, igandean 11:00etan bi hizkuntzatan. San Pedro parrokian berriz, bezperan, larunbatean 19:00etan euskarazko meza eskainiko da.

Oria eta komentua

Era honetara, Lasarte-Orian lau apaiz izango ditugu: Bi parroko eta bi erretiratu. Batetik On Ramon Uribe-Etxeberria eta bestetik, Felix Garitano. 

“On Ramon prest agertu da ahal duen guztian laguntzeko”, aipatu du Muruak. Horregatik igandeetako meza bat eskainiko du San Pedro parrokian edo Arantzazuko Amaren elizan. 
Brigitarren komentuan Felix Garitano izango da apaiza eta aldaketarik ez dela izango aipatu dute. Mezak egunero 11:00etan izango dira.

 Horren harira, Andonegik Brigitarren komentuan uztailaren 23an Santa Brigida egunean Felix Garitanoren aurkezpen ez ofiziala egin zuela jakinarazi digu. 

Baina bada aldaketa horiekin guztiekin kalteturik: Oriako auzoa.

Karmengo Amaren kaperan egun berezietan soilik izango da meza. “Igandeko mezak apaiz batek eskaini ahal izateko horrela adostu dugu,” aipatu du Muruak.

Eliztiarrak moldatu

Alberdik aipatu digunez, “Usurbilen duela 6 urte, ni iristean, arazo hori izan genuen; 3 apaiz izatetik batera pasa zen. Solasaldi sanoa sortu dugu parrokiako kideekin guztiak adostasun batera iristeko. Pixkanaka landu da, parrokia bakoitzeko aniztasuna errespetatzeko”.

“Aldatzea zaila da, baina moldatu beharko gara. Mentalitate aldaketa egin behar dute eliztiarrek eta batetik bestera mugitu behar direla onartu behar dute”, aipatu du Muruak.

“Parrokia itxikeria gainditu behar da. Erronka komunitate kristau bat sortzea da, hau izango da garrantzitsuena”, azpimarratu du Alberdik.