Danborrada Miranda de Ebron

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 13a

Lasarte-Oriako danborradak ederki pasa zuen atzo Miranda de Ebroko festetan. Lehenengo aldiz, herriko festen baitako ekintzetan izan zen danborrada udalak gonbidatuta. Ordu bete inguruko saioa eskaini zuten atzo gaueko desfilean eta jarraian herrira buelta egin zuten bi autobusetan.

Lasarte-Oriako danborrada berriki gonbidatua izan zen Donostian egiten den abuztuaren 31ko ospakizunetara. Bigarren urtez hiriko egun garrantzitsuenetako batean lagundu zuten herritarrek.

Horretaz gain, Murtzian zein Nafarroako hainbat herrietan egondakoak dira herriko danborjoleak. Hortaz, ez da berria larunbateko esperientzia.

Burgosen kokatuta dagoen Miranda de Ebro herritik deitu eta herriko festetan parte hartzeko gonbita luzatu zieten herriko danborradako kideei. 

Horrela, 110 lagun bi autobusetan abiatu ziren Mirandako festetara atzo arratsaldean. Iluntzeko bederatzietan, Felix Telleriak gidatuta, Sarriegiren doinuekin alaitu zituzten Mirandako kaleak. Aipatu bezala, pozik bueltatu ziren danborradako kideak herrira. 

Harrera beroa izan zuten Mirandan eta ikusmina sortu zuten euren jantziek.

Emanaldiaren ostean ere, festan pixkat murgildu eta ederki pasatzeko aukera izan zutela kontatu dute.