Hasi da Extremaduraren festa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 12a, 05:51
Extremadura etxeko kideek banderaren altxatze ekitaldiarekin eman diete hasiera Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiei. Ekitaldiz jositako hiru egun dituzte aurretik.

Herritar ugari gerturatu dira Extremadura etxera 21:00etan, banderaren altxatze ekitaldia ikustearekin batera Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiei hasiera emateko. Zuzendaritzako kideak egoitza barrutik atera eta hiru bandera jarri dituzte, bata bestearen atzetik. Lehenengo, Lasarte-Oriako Extremadura etxekoa. Hori jartzearekin batera hasi dira txaloak eta alaitasun oihuak ere. Bandera jarri eta berehala Extremaduraren ereserkia abestu dute denek batera, hunkituta. Zenbait udal ordezkari ere izan dira ekitaldian, Jesus Zaballos alkatea buru zutelarik. Ereserkia abestu ostean ikurrina eta Extremadurako bandera ere jarri dituzte. 

Ekitaldi ofiziala amaitzearekin batera, antolatzaileetako batek mikrofonoa hartu eta gogorarazi du 21:30ean afari gozoa zutela zain hala nahi zuten guztiek. Berrogeita hamar bat pertsonak dastatu dute egoitzako sukaldariek prestatutako kaldereta. Bien bitartean, 'ExtremayDura' rock jaialdiak Jaizkibel plaza girotu du gaueko ordu txikiak iritsi arte. Kontzertuen hasiera orduekin atzerapena egon da, baina bertara gerturatutako herritarrek primeran pasa dute taldeen rock eta punk estilo desberdinekin.

Larunbateko ekintzak

Biharko ere hamaika ekitaldi prestatu dituzte antolatzaileek. Gaztetxoenentzat margolaritza lehiaketa dute, 10:00etan. 11:00etatik 17:00etara mota guztietako jokoak jarriko dituzte Jaizkibel plazan eta hori amaitu bezain pronto txokolatada gozoa dastatuko dute. 

Nagusiek, aldiz, 12:00etan edukiko dute hitzordua Extremadura etxean; meza nagusia ospatuko dute. Bazkari herrikoia egingo dute 14:00etan. Errenteriako Extremadura etxetik 'Raices y brotes' taldea etorriko da seietan, emanaldia eskaintzera. Bederatzietan berriz, agintari eta bazkideek elkarrekin afalduko dute.

Igandean amaiera

Zambra taldearen emanaldiak emango dio hasiera ospakizunen azken egunari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria antolatu dute Extremadura etxean. 16:30ean tute txapelketa hasiko da eta 18:00etan boloena. 
Jaiei 20:00etan emango diete amaiera, banderaren jasotze ekitaldiarekin.

Ostiral gaueko ekitaldiek emandako irudiekin argazki galeria eta bideoteka osatu ditu Txintxarrik, larunbat zein igandeko ekitaldiekin osatuko dituenak.