Hazten jarraitzen du saskibaloiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015eko irailaren 11

Gero eta talde eta egitasmo gehiago biltzen ditu Ostadarren saskibaloi alorrak; etengabe ari da hazten, herriko gazteen artean gero eta ohikoago bilakatzen. Lehengo urtekoei beste talde bat gehiago gehituko die eta eskola sortuko dute 8 eta 11 urteko haurrentzat.

Eskaintzen duten lan metodoa bermatzea, jokalari talde bakoitzak eskatzen duen estiloa lantzea eta, batez ere, saskibaloiaz gozatzea dira Ostadar SKTren saskibaloi alorra osatzen duten kideen helburu nagusiak, Endika Marrahi koordinatzailearen hitzetan. 

“Argi dago atala hazten ari dela urtetik urtera: kiroldegia gero eta beteago ikusten dugu astebururo, kaleetan gero eta haur gehiago ikusten ditugu saskibaloian jolasean… Kirol hau bizi dugunoi ilusio asko egiten digu horrek”, nabarmendu du Marrahik. “Herriko bazter eta toki guztietara iritsi nahi dugu”, gaineratu du.

Toki guztietara ez dira iritsi oraindik, baina ezin ukatu daiteke sekzioa gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari dela. Aurtengo denboraldian bost talde ariko dira kategoria desberdinetan lehian, iaz baino bat gehiago: Partizipaziozko eta Errendimenduko kadeteak, Partizipaziozko eta Errendimenduko juniorrak (nesken taldeak horiek denak) eta 3. probintzialeko senior mutilak. 

50 bat jokalari inguru ariko dira bost talde horietan, baina kopuru hori ez da behin betikoa oraindik: “Oraindik ez ditugu taldeak guztiz itxi bizpahiru jokalarik zalantzak dituztelako oraindik, entrenatzeko ordutegiak direla-eta. Saturatuta gabiltza Kiroldegian”, zehaztu du Marrahik. Lau entrenatzaile dituzte oraingoz, eta bosgarren bat “konfirmatzeke”. Endika Marrahi bera, Ander Otaegi, Iraitz Rodriguez eta Borja Franganillo. Herrikoak dira lehenengo biak eta donostiarrak beste biak. 

Entrenamenduak eta konpetizioa

Urteroko buruhaustea izan ohi da arduradunentzat entrenamendu ordu denak koadratzea, baina aurtengokoak ere ezarri dituzte azkenean. Astelehenetan ordu berean entrenatuko dute Partizipaziozko zein Errendimenduko kadeteek: 18:30etik 20:00etara. Asteartean 16:00etatik 17:30era ariko dira Errendimenduko juniorrak, 18:30etik 20:00etara Errendimenduko kadeteak eta ordu berean Partizipaziozko juniorrak. Asteazkenean berriz, Partizipaziozko kadeteek 16:00etan ekingo diote saioari, 17:30ak arte. Ostegunean Partizipaziozko juniorrek 16:00etatik 17:30era entrenatuko dute eta 18:30etik 20:00etara Errendimendukoek. Azkenik, ostiraletan 16:00etatik 17:00etara ariko dira Partizipaziozko kadeteak eta Errendimendukoak; jubenilei dagokienez, 17:00etatik 18:00etara Partizipaziozkoen txanda izango da eta 18:00etatik 19:30era Errendimendukoenak. 

Irailaren 19ko asteburuan hasiko dute konpetizioa Errendimenduko bi taldeek; urrira arte itxaron beharko dute gainontzeko hiruek. Lehiatzen hasi aurretik, taldeen errepasoa egin du Marrahik: “Oso zaila izango den arren, Euskal Ligan sartzeko lehiatuko dute Errendimenduko bi taldeek. Mutilenak berriz, eboluzionatu egin du: lehengo urtean ez bezala, entrenatzailea daukagu aurten eta gure arteko harremana hazi egin da, jokalari bakoitza bere kasa zihoan iazko denboraldian. Kadeteei dagokienez, lehenengo urtekoak aurten hasiko dira Ostadarren; talde horrek eman ohi digu lanik handiena urtero”. 

Saskibaloi eskola 

Aurtengo denboraldirako berrikuntza nabarmenena saskibaloi eskolaren sorrera da. Ostadarrek 8 eta 11 urte bitarteko haurrei luzatuko die kirol horren munduan murgiltzen hasteko aukera. Urrian hasiko dituzte entrenamendu saioak, Michelingo kirol guneko erabilera anitzeko pista berdean. Ostiraletan elkartuko dira, 18:15etik 19:30era bitartean entrenatzeko. Izen-emate epea irekita dago jada; Ostadarrek Geltoki kalea 25 zenbakian duen bulegora joan beharko dute interesa dutenek, 18:00etatik 20:00etara. 

“Inpultso pixka bat behar dugu eskolaren egitasmoarentzat; jendea ez dago oso informatuta ikusten dugunez, eta gaztetxoei kosta egiten zaie egitasmo berrietan izena ematea euren lagunek ere egiten ez badute”, adierazi du Marrahik. Hala ere, egitasmo berriarekiko itxaropentsu ageri da koordinatzailea: “Indar asko hartu dezakeen proiektua dela uste dugu”. 

Lehenengo lagunartekoak

Joan den asteburuan saskibaloi giroa arnastu zen berriro ere Kiroldegian, udako oporren ostean. Denboraldi aurreko lehenengo norgehiagokak jokatu zituzten larunbatean. Partizipaziozko kadeteek galdu egin zuten Nafarroako Lagunak Bren aurka, 42-52. “Nabaritzen da taldea berria dela eta neskek ez dituztela minutu asko jokatu elkarrekin. Pixkanaka hobetzen joatea espero dugu”, adierazi du Endika Marrahik.

Errendimenduko Kadeteek 59-54 hartu zuten mendean Lagunak A taldea, itxura ona emanez. Gustura zen Marrahi neskek pistan erakutsitakoarekin: “Badaramatzate aste batzuk entrenatzen eta taldekide ia guztiek elkarrekin jokatu zuten joan den urtean”. Errendimenduko juniorrek ere garaipena erdietsi zuten, 54-48 Donostiako Internacional taldearen kontra. “Errodaje gehiago behar du taldeak, jokalari berriak ditugu eta elkar ezagutu behar dute oraindik”.

Azkenik, Partizipaziozko juniorrek galdu egin zuten astearte arratsaldean, Donostiako Internacionalen aurka. 52-33koa izan zen markagailua azkenean. “Partidua ez zen hain gaizki joan, taldeak astebete besterik ez daramalako entrenatzen”, nabarmendu du Marrahik. “Kide berri bat daukagu taldean eta posizio desberdinetan jokatzen ikusi nahi genuen; askatasun asko egon zen jokoan”. Hala ere, hobetzeko hainbat gauza dituztela ere onartu du: “Egia da baloi asko galdu genituela, erreboteak ez genituela ongi itxi, fisikoa falta zaigula eta gorabeherak izan genituela intentsitatean. Hala ere, hilabete barru konpetitzen hasten garenean gure mailan egongo gara, gogorrago ibiliko gara”.

Beste bi partida antolatu ditu Ostadar SKTk biharko. Kiroldegian izango dira biak, eta talde berak jokatuko ditu: Errendimenduko juniorrak. 10:30ean hasiko da lehenengoa, Nafarroako Teresianas-en aurka neurtuko dituzte indarrak. Arratsaldean berriz, Bizkaiko La Salleren kontra neurtuko ditu indarrak, 18:00etan.