Siriar errefuxiatuei laguntzeko urratsak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 9a

Atzo Lasarte-Oriako udalbatzarrak Siria eta gatazkan diren beste herrialdeetako errefuxiatuen aterpetzaile izatea onartu zen. Gaur Jesus Zaballos alkateak Udalak errefuxiatuak hartzeko emango dituen pausoak azaldu eta herritarrei ahal duten neurrian lagundu dezaten eskatu die.

Alkateak azaldu duen moduan, Lasarte-Oriako Udalak, hartzekoak dituen errefuxiatu posibleen berri jakindakoan, Bozeramaileen Batzarra deituko du, udalarekin aldetik kasuetako bakoitzean hartu beharreko neurri zehatzak erabakitzeko.

"Jabetzen gara instituzioen arteko lankidetza elementu giltzarria dela krisi hau behar bezala kudeatzeko, eta horregatik agertzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko borondatea. Errefuxiatuek izango dituzten premiek instituzio guztiek batera jardutea eskatzen du, era guztietako premiei erantzun beharko baitzaie: ostatatzea, elikatzea, osasuna, haurrak eskolaratzea... Ezin dugu ahaztu familiartekoak, adiskideak, etxea... galdu dituzten pertsonak direla, soinean daramatenarekin bakarrik datozenak," azpimarratu du.

"Gure esku ditugun zerbitzu guztiak eskainiko ditugu, Zelaialdeko etxebizitza sozialak, pertsona adinduentzako etxebizitza tutelatuak edo dependenteak badira Atsobakarren plaza izateko aukera... baina oraindik ez dakigu zein motako harrera egin beharko dugun. Gizarte Zerbitzuko arloa prest dago larrialdietarako laguntzak emateko eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, janari banaketa egiteko ere hitz egin dugu," aipatu du.

Herritarren laguntza

Herritarrei ere eskaera berezi egin nahi die alkateak. Eta laguntzeko dituzten moduak azaldu ditu. Batetik ekonomikoki, dagoeneko inguruko herrialdeetan edo Europako beste batzuetan errefuxiatu-eremuetan edo harrera-zentroetan aurkitzen diren ehunka mila pertsonak mantentzeko, CEAR eta ACNUR erakundeek irekitako kontuen bidez. 

Comisión Española de Ayuda al Refugiado (CEAR) erakundearen BBKko 2095-0002-60-9104192594 kontuan, letra larriz DONATIVOACOGIDAREFUGIADOS adierazita lagundu dezakete; edo bestela ACNURen Banco de Santanderko 0049-1800-172110528944 kontuan, erreferentzia gisa EUSKADI jarrita.

Era berean, herritarrek familia edo pertsona errefuxiatuak etxean hartu edo arropa edo janari eskaintza ere egin dezakete. Horretarako, 944 43 12 74 harrera-telefonora deitu dezakete.

Honetan datu pertsonalak, herria eta zein laguntza mota eskaintzeko prest dagoen azaldu behar dute herritarrek. Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak zerrenda bat egingo dute eta herriei helaraziko die.

Alkateak jakitera eman duenez, "era honetara, harrera familiei laguntza eskainiko zaie. Esate baterako, umezurtzen bat baldin badator. Partzuergoarekin negoziatu eta harrera familiari haurtzaindegian plaza bat eskaini eta kuotak ordaintzetik exento gera daitezke."

Alkatearen hitzetan, herritarrek duten bizitza kalitatea eta zerbitzuak haien eskura jarriko dituzte. "Epe luzerako geratuko dira gure artean eta asiloa lortu arte behintzat lagundu beharko zaie. Eta hau beste erakundeek ere kontuan izatea nahiko genuke."