Arteaga eta Erasun garaile Antiguon

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 6a

Axier Arteaga herritarrak eta Jon Erasun zizurkildarrak txapela jantzi zuten Antiguoko txapelketan, abuztuaren 30ean. 10-22 hartu zituzten mendean Unai Laso nafarra eta Daniel Murgiondo azpeitiarra. Finaleko pilotari onenaren saria ere irabazi zuen Arteagak.

Lehenengo zaleak goizeko zortzietan hasi ziren Antiguoko frontoira hurbiltzen, eta finala 11:00etan hasten zen. Zur eta lur geratu ginen pilotariak, anekdota hori kontatu zigutenean”. Axier Arteagaren hitzak dira, Antiguoko pilota txapelketa definitzeko ezin hobeak. Ikusmira handia sortzen du zaleen artean; abuztuaren 30ean bertara joan zirenak ez ziren damutu, kantxan aritu ziren lau pilotariek ikuskizun paregabea eskaini baitzuten, herriko aurrelari gazteak bereziki.

Markagailuari so eginez gero, batek baino gehiagok pentsa dezake mamirik gabeko partidua izan zela. 10-22 irabazi zuten Arteagak eta Erasunek, baina ez zen erraza izan Arteagaren hitzetan: “1-6 aurreratu ginen markagailuan baina gero 5-7 hurbildu ziren. Pilota bizi xamarra zuten haiek, baina gurea berriro atera eta min egiten hasi ginen. Errematera dezentetan sartu eta markagailuan ihes egin genuen”. 5-11 eta 8-18 joan ziren, 10-22 amaituz bukaeran. Senior kategorian jantzi du txapela aurten; jubeniletakoa irabazi zuen 2013an, Erasunekin batera berriro ere. 

Gustuko du herriko pilotariak Antiguoko pilota txapelketa. Frontoian sortzen den giroa "ikusgarria" dela dio: "Publikoak asko bultza eta laguntzen du, giroa paregabea izan da jokatu genuen lehenengo partidutik finalera arte. Txapelketak ikusmira handia sortzen du; frontoitik kanpo geratu behar izan dute hainbat pilotazalek". 

Denboraldi bikaina

Pasa den sasoian sei txapel jantzi zituen Arteagak. Aurtengoa amaitu aurretik hainbat txapelketa jokatu behar ditu, baina jada berdindu ditu iazko emaitzak, egiten ari den lan paregabearen seinale.

Antiguon eman du azken erakustaldia, tanto-sorta eder bat egin eta gero finaleko jokalari onenaren saria eskuratuz. "Finala irabazteak poztu nau gehien, garrantzitsuena hori da, baina horrez gain jokalari onenaren saria irabaztea satisfazio oso handia da", aitortu du Arteagak.  Lezoko Etxandi oroimenezkoa ari da jokatzen orain bikotekide berarekin, Jon Erasunekin. Ostegun honetan jokatuko dituzte finalaurrekoak Lezoko frontoian, 18:30ean.

Etorkizuna

Herriko kaleetan bolo-bolo dabil azkenaldian galdera; ea Arteagak noiz egingo duen jauzi profesional mailara. Asegarce enpresarekin aurrekontratua sinatu zuen 2013an eta Albisu, Artola eta Olaizola II.arekin batera entrenatzen aritua da. “Oso gustura” entrenatzen ari dela dio Arteagak eta ez duela “inolako presarik” profesionaletara jauzi egiteko, enpresatik ez baitiote oraindik ezer esan gai horri buruz. Urrian hasiko da berriro Asegarcerekin entrenatzen.