Etxeko txikienak izan dira lehenak ikasturtea estreinatzen. Herriko 58 haurrek gaur izan dute lehenengo eguna Andre Joakina enea haurreskolan.
Guztira 76 haur hartzeko gaitasuna izan arren, dagoeneko matrikulazioa itxita dagoela adierazi zuten koordinatzaileek. Honetan izena emateko aukera urtarrilean, maiatzean eta ekainean zabaltzen da, “hauek dira matrikulazio garai ofizialak”. Hala ere, salbuespena, ekainaren 30etik jaiotakoak dira, hauek hilabete honetan aukera dute epez kanpo izena emateko. Susana Hernandezek esan bezala, 5 edo 8 ordu egon daitezke haurreskolan haurrak eta familiek ordaintzen duten hilabeteko kuota, errentaren araberakoa da.
Udal ordezkariak izan ziren atzo Andre Joakina enean eta bertan egin diren hainbat hobekuntza azaldu zituzten. 30.000 euroko aurrekontua izan dute eta honekin, lurra aldatu da, kortinak eta haize kortinak jarri dira, goiko patioan toldo bat ipini da, honetan ere erorketak ekiditeko zoru biguna jarri da, umeak kalera ez irteteko segurtasun atea eta usoen kontrako sistema jarri da “hauek sortzen zuten zikinkeria handia zelako”.
Zaballosek azaldu zuen datozen urteetan honetan inbertsio gehiago egin beharko direla “leihoak aldatzeko daude eta etxearen alde zaharrena moldatu behar da”. Hala ere denak pozik azaltzen ziren herriko txikiek dituzten instalazioekin “hobekuntza txiki hauek erabileran asko nabarituko dira eta horregatik pozik gaude egindakoarekin” esan zuen Maite Iglesiasek.
58 haurrekin, 0-1 urte arteko hiru gela osatu dira eta 1-2 urte arteko lau gela. Hauetan arituko dira lanean 12 hezitzaile.