Urriaren 1ean hasi eta aste betez herriko pertsona adinduei zuzendutako Nagusien omenaldia ospatuko da Lasarte-Orian. Biyak Bat elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin batera antolatzen duen asteko egitaraua eman zen ezagutzera atzo. Jesus Zaballos alkateak, Exiquio Perez Biyak Bat elkarteko presidenteak, Adela Manso elkarteko zuzendaritzako kideak, Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuetako arduradunak eman zuten honen berri.
Jesus Zaballos alkateak gogoratu zuenez, “urte asko dira elkarlanean ekintza hau antolatzen duguna. Urtero egitaraua hobetzen eta parte-hartzea sustatzen saiatzen gara”.
Alkateak azpimarratu moduan, “egitaraua zabala da eta interesgarria da herritar adindu guztientzat, ez baitago elkarteko kideei bakarrik zuzendua”.
Egitaraua
Adela Manso Biyak Bat elkarteko zuzendaritzako kideak astea osatzen lagundu dutenei eskerrak eman eta egitarau zabal eta anitza aurkeztu zuen.
Urriaren 1ean arratsaldeko 16:00etan hasiko dira ospakizunak Biyak Bat elkartean. Mugimendu jokoak, lehiaketak, antzerkia, dantzaldia, ibilbide neurtua, Biyak Bat elkarteko eta Nagusilan/Xistral abesbatzen kontzertua, gimnastika, lerroko dantzak eta areto dantza taldeen erakustaldiak, bazkaria... denetarik izango da gure herriko nagusiei ohore egiteko.
Urriaren 8an, elkartearen 37. urteurrena ospatu eta asteari amaiera emateko, urrezko ezteiak betetzen dituzten bikoteei oroigarri banaketa egingo zaie.
Berrikuntzak
Nagusien omenaldi aste honetan ere berrikuntzarik badago.
Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuetako arloko arduradunak aipatu legez, ibilbide osasungarria egingo da urriaren 2an. Okendo plazatik hasi eta Biyak Bat elkarteko egoitzan amaituko da. “Ongi Ibili” ibilbide osasungarrietan parte hartzen duten pertsonei esker ona ematekoak ginen eta ekintza honen bitartez egingo dugu”.
Bestalde, belaunaldien arteko ipuin kontari saioa izango da elkartean urriaren 5ean, astelehena eta haurrei egongo da zuzendua. “Gaur egungo haurrek haien aiton-amonen garaiko gauzak ezagutu ahalko dituzte honetan. Oporretara joaten ziren edo ez, zein lan egiten zituzten, litxarreririk jaten zuten edo ez... haurrek ezer gutxi dakite haien aitonen haurtzaroari buruz”.
Era berean, “herriko merkataritza sustatu asmoz, ibilaldi neurtuko sariak aldatu ditugu eta herriko dendetan gastatzeko bonoak izango dira. Lehen hiru bikote sailkatuek eskuratu ahalko dituzte eta bikote partehartzaile guztien artean ere 15 bono bikoitz zozketatuko dira. Aterpea elkartearen laguntzaz egingo dugu hau,” adierazi zuen.
Izena emateak
Era honetara, Biyak Bat elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak herritarrak eta batez ere pertsona nagusiak antolatu diren ekintzetan partehartzera gonbidatzen dituzte.
Hala ere, hainbat ekintzatan izena eman behar dela azpimarratu zuten, hala nola, ibilbide neurtuan edo toka, igela, pote, bingo eta dantza lehiaketetan.
Nagusien omenaldiko bazkaria dastatzeko ere elkarteko egoitzan inskribatu beharko dira 1949 urtean edo aurreko urteetan jaiotako pertsonak.
Hauetan guztietan parte hartzeko Lasarte-Orian erroldatuak egon behar direla ere gogoratu zuten.
Izen-emate epe guztiak irailaren 7an, astelehena irekiko dira.