Udako oporraldiaren ostean apurka-apurka martxan jartzen ari dira herriko hainbat kirol alor. Horien artean, LOKEko judokak: datorren asteko astelehenean hasiko dituzte entrenamenduak Kiroldegian.
Astelehen, asteazken eta ostiraletan egingo dituzte entrenamendu saioak Kiroldegiko tatamian. 7 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek astelehen eta ostiraletan entrenatuko dute, 18:30etatik 19:30era. 12 urtetik gorakoek berriz, astean hiru saio egingo dituzte, lehen aipatutako egunetan. Astelehenetan 19:30etik 20:30era ariko dira; 18:30etik 20:30etara asteazkenetan eta 19:30etik 21:00etara ostiraletan.
Edozein zalantza izanez gero, interesa dutenak Gorka Aristegi prestatzailearekin jar daitezke harremanetan, hainbat modutara: 651 70 22 85 telefonora hots eginda edo gorkaaristegi@hotmail.es helbide elektronikora idatzita.
Denboraldi berrirako erronkak
Gorka Aristegi prestatzaileak hastear den sasoirako judoka taldeak dituen erronkei buruz hitz egin du: "Pixkanaka taldearen maila igotzen joatea da gure helburua: txapelketetan ongi lehiatzea, neska-mutilek gerrikoak lortzea... Hori bai, argi daukagu gure oinarrizko baloreak beti eduki behar ditugula presente. Guztiaren gainetik pertsonak hezten ditugu guk".
60 neska-mutil inguru aritu ziren Kiroldegiko tatamian iaz. Aurtengo denboraldian ikasle kopuru berdintsua edukitzea espero du Aristegik: "Adin tarte guztietan ditugu judoka taldeak, eta horiek mantentzea espero dugu. Garrantzitsua da hori guretzat".