Herriko eskoletan hainbat konponketa iragarri ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 1a

Alkateak, hirigintza eta zerbitzu publikoetako zinegotziekin, bisita egin zuen herriko eskolen egoera zein zen bertatik-bertara ezagutzeko.

“Oporraldi garaian bertan egin beharreko hobekuntzak ezagutu nahi izan ditugu” azpimarratu zuen Zaballosek. Bisitaren ostean, jakitera eman zutenez, hainbat gauza konpontzea erabaki zuten. Sasoeta eskolako fatxadan hainbat konponketa egingo dira eta horretaz gain, udaleko bulego teknikoari eskatu zaio Zumaburuko eraikinaren fatxada eta kubierta birgaitzeko proiektua egitea.

Zaballosen esanetan, “udalak egin beharreko lehentasunezko inbertsioak” dira Zumaburu eta Sasoetako eraikinen fatxadetako konponketak baita Landaberriko Garaikoetxea eraikineko leihoen aldaketa ere. Guzti hauek legegintza honetan egingo direla aipatu du alkateak.

Bestalde, Cespa S.L. enpresari eskoletako belarra mozteko eskatu dio udalak eta brigadako langileek jolas lekuetako hainbat egokitzapen lan egingo dituzte. Besteak beste, borratuta dauden marrak margotuko dira, porteriak eta saskiak berritu eta garbiketa orokorra egingo da.