Abuztuko lehen astean Michelingo kirol instalazioak erabiltzeko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 30a

Datorren astelehenean ekingo dio aurredenboraldiari Ostadar SKT Ohorezko Erregional mailako futbol taldeak. Klubak Udalari eskaera bat egin zion uztailaren 2an: abuztuko lehen astean ere erabili ahal izatea Michelingo instalazioak. Ezezkoa izan da erantzuna orain artean. Abuztuaren 3an urgentziazko Kirol Batzorde batean bilduko dira alde denak, erabaki definitibo bat hartzeko.

Prentsaurreko bat eman dute gaur arratsaldean Ostadar SKTk eta Lasarte-Oriako Udalbatzako oposioko hiru taldek (EH Bildu, Lasarte-Oriak Ahal Du eta EAJk) Michelingo kirol instalazioen kanpoaldean. Eskatu dute PSE-EEk atzera egitea eta Ostadarri kirol instalazioak erabiltzen uztea abuztuko lehen astean, Ohorezko Erregional taldeak bertan entrena dezan eta ez Usurbilgo Harane zelaian. Adierazpen bateratu bat prestatu dute hori dena jasoz.

EH Bilduko bozeramaile Pablo Barriok azaldu ditu adierazpenaren xehetasunak: "Zelaia erabili ahal izatea besterik ez du eskatzen Ostadarrek, azkenengo bi urteetan egin bezala: Udalak haiei giltzak uztea, instalazioak ireki eta bertan entrenatzeko. Ez dute ur eta argindarrik gastatuko, 0 eurokoa da kostu ekonomikoa. Aldiz, jokalari eta entrenatzaileek Usurbilera joan behar badute entrenatzera, garraio gastuak sortuko lirateke. Erabakiak ez du zentzurik". 

Azkenengo bi urteetan formula hori bera erabili du Ostadarrek. Udalari giltzak eskatu eta bertan entrenatu, soilik zelaia erabiliz. Gerta zitezkeen arazoak bere gain hartzeko konpromisoa ere hartu izan du elkarteak bi urteotan, Barriok adierazi moduan: "Ostadarrek ezarritako baldintzen arabera jokatu du orain artean. Elkarteak azaldu duenaren arabera, formula hau erabili izan duten bitartean ez da istilu edo arazorik egon". 

"Ostadarrek ez du ulertzen zergatik Usurbil edo Urnietako futbol zelaietan egin daitekeena gure herrikoan ezin duten egin; instalazioak itxita egotea beste arrazoirik ez dute topatzen inguruko herrietako zelaietara entrenatzera joateko", azpimarratu du Barriok. Era berean, PSE-EEren jarrera salatu du: "Politikoa izan da erabakia erabat, udal gobernuak berak onartu moduan. Hori ez da, gure ustez, jarrera ireki bat edukitzea". 

Eskaeraren zergatiak ere azaldu ditu EH Bilduko bozeramaileak: "Ohorezko Erregionalen liga gainontzeko taldeena baino lehenago hasiko da, eta arrazoi horregatik haiek lehenago hasi behar dute entrenatzen". 

Kirol Batzordea abuztuaren 3an

Oposizioko hiru alderdi horiek esan dute kirol instalazioak publikoak direla, eta horiek erabiltzeko aukera ematea "udalaren ardura" dela.

"Ezin daiteke ulertu Ostadarri ezezkoa ematea, jarduera horrek Udalarentzat kosturik ez daukan heinean", adierazi dute. Entrenamenduak datorren astean hasiko direla ikusita, oposizioko alderdi horiek eskatu zuten premiazko Kirol Batzorde bat deitu eta gaia bertan aztertzeko: "Bilera hori egiteko muga uztailaren 30ean jarri genuen, baina abuztuaren 3an egingo dugu azkenean, entrenamenduak hasi baino pare bat ordu lehenago. Horrela erabaki du udal gobernuak". 

Horregatik guztiagatik, oposizioko hiru alderdiek udal gobernuari galdegiten diote hartutako erabakia atzera botatzea, eta Ostadarri aukera ematea abuztuko lehen astean entrenatu ahal izateko. "Datorren asteko batzordean ere proposamen hori jarriko dugu mahai gainean", aurreratu dute. Horrez gain, araudi bat sortzeko ere eskatuko dute, egutegitik at geratzen diren "jarduera puntualak" nola gauzatu erregulatuko duena: "Horrela, kirol elkarte eta talde bakar batek ere ez du inguruko herrietara joan beharko entrenatzera". 

PP alderdiaren ikuspuntua

Oposizioko laugarren alderdia, PP alegia, gaur arratsaldeko prentsaurrekoan egotekoa zen baina azkenean "oposizio propioa" egitea erabaki du, Alejandro Saenz bozeramaileak zehaztu gisara: "Kirol Batzordea ospatzeko eskatu genuen guk ere, testuaren lanketan parte hartu dugu eta ados geunden prentsaurrekoa egitearekin, baina gaur goizean alderdi guztiok egin dugun bileraren ostean erabaki dugu gure oposizio propioa egitea, ez gaudelako konforme afera honek azkenaldian hartu duen norabidearekin".

"Nire iritziz, mediatikoki presionatzea eta liskarra areagotzea helburutzat hartuz oposizioko alderdiek denek batera protesta egiteak aldeen arteko desberdintasunak areagotzeko besterik ez du balio. Klubari entzun egin behar zaio eta konponbideak eskaini, ez tresna politiko gisara erabili", adierazi du Saenzek. "Kritikatzen dena erabaki politiko bat bada eta ez soilik teknikoa, protesta tresna politiko eta populista gista erabiltzea ez da batere etikoa".

Udal gobernuaren erabakiari buruz ere eman du iritzia PPren bozeramaileak: "Harritu eta tristetu egiten nau udal gobernua egoskor jarri izana gai honen inguruan, azalpen argirik eman gabe". Hori dela eta, Saenzek PSE-EEri eskatu dio atzera egin eta "zentzuz" jokatzeko. Aurreratu du asteleheneko batzordearen aurretik Kirol zinegotziarekin eta Ostadarrekin hitz egiten saiatuko dela, "elkar ulertzeko" eta Ostadarrek Lasarte-Orian entrenatzea ahalbidetzen saiatzeko.