Bando, Bando alkateak esan do!

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 27a, 01:59
Santa Ana parodiak amaiera eman dio jai egun bereziari. Ikusleek euriari aurre egin behar izan dioten arren bertan geratu dira parodia jarraitzen.

Jendea eserita zegoen plazan, lekua hartuta, aktoreak erdigunetik desfilea egitetik iritsi direnerako. Ohi bezala parodiak omenaldi txiki bat eskaini nahi izan du eta aurtengoan aitortza Concha  Arraztiori egin zaio. Urteetan behartsuenen alde egindako lanagatik.

“Beti besteengatik egin du lan, komunitaterako lan pila esparru ezberdinetan. Lan guzti horrek aitortza berezi zuen” aipatu dute parodiako antolatzaileek. Lierni Rekondok eskaini dion bertso berezia eta eskertuta azaldu da Concha Arantxa Genauen hitzekin.

Beste behin ere parodiak irribarrea eragin die herritarrei. Grezia aipatuz hasi da antzerkia, Pablo Barrio, Aristotelesen-en paperean, irakurritako bandoarekin. “Bando bando gure alkateak esan do hemendik aurrera plaza hau ez dela izango Okendo. Alkateak izena aldatuko dio. Gaurtik aurrera Syntagma plaza izango da”. ‘Rambo’ ere oholtza gainean izan da parodia hasieran. Erraustegiari aipua, San Juan Sua La Esperazan egitea edota datorren urtean herriko jaietan bigantxak izango direla eta, aurten Donostiako zezenketetara bidegorria hartuta joan daitekeela esan dute besteak beste.

Nola ez, akusatuen aurkako epaiketa hasita, aurtengoan Brunette Troluzzi eta Maximiliana Iruzurtini izan dira, udal hauteskundeek nahikoa tarte hartu dute.

“Bi malapartatu hauek zirku bat muntatu dute, guri barre egiteko. Zirku juridiko bat, zirku politiko bat, eta, jakina, zirku horretako pailazoak gu gara, Lasarte-Oriako herritarrok”. “Gogoratuko duzue nola duela hilabete zirkua izan genuen hipodromoan. Dena estrategia bat izan zen, benetako zirkua, hauteskundeak jakina, herritarron atentziotik desbideratzeko. Futbola amaituta, zirkuarekin tontotu nahian aritu dira hauek. Bellissssssimo gora eta belllisssssimo behera!” “Ministerio fiskalak bi malapartatu hauek kondenatzera iritsi nahi du. Eta horretarako erakutsiko du hauteskundeena zirku hutsa dela, ikuskizun bat herritarrak engainatzeko. Alderdiek elkarri zaborra botatzen diotela, baina truku bat baino ez dela, ilusionisten trikimailua, egiatan alderdiak kolegeo zikinean, kromo-trukean, aulki-jokoan baino ez baitabiltza!”. Horren froga omen da denek proposatu zutela kirol instalazioak berritzea besteak beste, “herritarrak hain potolo al gaude?”.

Nola ez, iazko eskaera Donostiarako bidegorria bazen, aurten martxan dagoela, erreferentzia ere egin zaio parodian. Bertan jende pila ibiltzen omen da, Maialen Chourraut bere piraguarekin eta guzti. Bizikleta izan nahi duen herritarra ere pasa zen oholtzatik.

Apaizak ez du hutsik egin eta bere laguntzaileekin, elizara jendea erakartzeko hainbat trikimailu aurkeztu ditu. Elizako lokaletan egingo duen ekintza programa ugaria azaldu du. Herriko elkarteei lokalak utzi eta bertan denetarik egin ahalko dela harro esan du.

Birziklapen  sitema berritzaile bat ere asmatu dutela esan dute, “El Boda a Boda. Elizako atean kolgadore batzuk jarri ditugu kubo marroi batzuekin. Hauek arrozez beteak egoten dira, eta ezkonberriak ateratzerakoan hauei bota ondoren Rumba aspiragailu automatiko batek guztia jaso eta berriz ere kolgadoreetan jartzen dugu. 22 ezkontza eta 5 kilo arroz besterik ez ditugu gastatu”.

Bukatzeko, aparkatzeko arazoa eta Tximistarretako misterioak argitu dituzte Friker eta Sonottonnek. Jarraian Erketzeko lagunek sorgin dantza eskaini dute.

Akusatuak, Brunette Troluzzi eta Maximiliana Iruzurtini ez dira sugarrengatik salbatu eta ohiturari jarraiki, erre egin dituzte Santa Ana egunari amaiera borobila emanez.

Eguneko eta parodiako argazki guztiak hemen bildu ditugu.