Emanaldi koloretsua eskaini dute Udako txokoetako kideek

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 24a, 16:04
Festa erraldoia. Bi hitz horiek deskribatzen dute ongien areto berean San Ferminak, danborrada, Mari Jaia, Zeledon, Miel Otxin, zanpatzarrak eta Euskal Herriko jaietako beste hainbat pertsonai bildu dituen ekitaldia. Udako txokoetako haur eta begiraleek emanaldia eskaini dute guraso eta lagunen aurrean; egunotan ikasitako koreografiak eraman dituzte oholtza gainera.

Ez zen inor gehiago kabitzen Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan gaur goizean. Udako txokoetako kideen emanaldiak ikusmira handia sortu du guraso eta lagunen artean; 11:30ean han ziren denak euren seme-alabak taula gainean ikusteko irrikitan. Argazki, bideo, flash eta txalo zaparrada luze eta ozenek konbinazio bitxi eta polita sortu dute. Lasarte-Oriako haur eta begiraleez gain, Zubietakoek ere hartu dute parte gaur goizeko emanaldian. 

Euskal Herriko hainbat festa irudikatu dituzte haur eta begiraleek: Lekeitioko antzarrak, Mari Jaia, Zeledon, San Ferminak, Zanpatzarrak (Lasarte-Oriakoak eta Zubietako txokoetako haurrek ere, bi taldek ordezkatu dituzte pertsonaia horiek), Miel Otxin, mamoxarroak, Donostiako danborrada eta kaldereroak. Talde bakoitza oholtzara atera da zegokion unean eta egunotan begiraleekin batera ikasitako koreografiak eraman dituzte oholtza gainera. Guraso eta lagunek gogotik gozatu dute emanaldiekin eta txaloka aritu dira etengabe, musikaren erritmoa jarraitzen zein bukaeran udako txokoetako kideek egindako lana saritzen.

'Koreografia sorpresa'

Sorpresa bat baino gehiago jaso dute gaur Manuel Lekuonara bertaratu direnek. Haur talde bakoitzak bere koreografia egin eta gero, begirale guztiak elkartu eta denek batera egin dute dantzan 'Festarik festa' abesti ezagunaren doinupean, gaztetxo eta gurasoen harridurarako. Trebe askoak direla erakutsi dute begiraleek.

Horrez gain, emanaldiari hasiera baino lehen Argitxo iratxoaren ahotsa entzun ahal izan dute haur, begirale eta gurasoek. Iratxoak eskerrak eman dizkie denei ikuskizunera bertaratzeagatik eta kultur etxean egoteaz oso pozik zegoela adierazi du.

Jai giroan burutu dute ikuskizuna udako txokoetako kideek eta emanaldi polita eskaini dute. Euren festa ez da oraindik bukatu ordea, datorren astean ere hainbat ekintza, jolas eta abentura baitituzte zain. 

Argazki galeria eta bideoteka osatu ditu Txintxarrik gaurko emanaldiko hainbat irudi bilduz.