Herritar ugari uztaileko azkeneko zinema saioan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 24a

'Lucy' filma eskaini zuen atzo Okendo zinema taldeak uztaileko bigarren eta azken saioan. Herritarrek ez zuten aukera galdu eta hainbat hurbildu ziren filmaz gozatzera.

Uztailerako saio pare bat antolatu zituen Lasarte-Oriako Udalak Okendo Zinema taldearekin elkarlanean; atzo egin zuten bigarren eta azkena. Luc Besson zuzendari frantsesaren 'Lucy' filma proiektatu zuten eta hainbat jende hurbildu zen Okendo plazara, saioaz gozatzera.

Scarlett Johansson Hollywood-eko aktore ezaguna da protagonista. Drogaz betetako poltsatxoak garraiatzen egiten du lan Lucy-k. Egun batean, urdailean daramatzan poltsa horietako bat hautsi egiten zaio, baina osasunean kalte egin ordez botere berezi batzuk ematen dizkio: telekinesia, mina eragozteko gai izatea eta sekulako abiadura, besteak beste. Abilezia horiek direla medio, hiltzeko makina bihurtzen da Lucy.

Zientzia fikziozko filmak, efektu bereziak eta emozio gogorrak atsegin dituztenek gogotik gozatu zuten atzo 'Lucy' pelikularekin.

Uztaileko bigarren eta azken zinema saioa izan zen atzokoa; uztailaren 9an egin zuten lehenengoa. Orduko horretan 'La vida inesperada' komediaz gozatu zuten herritarrek.