Udalak Aterpearekin hitzarmena sinatu du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 22a

Urtebetez udalak herriko merkatari eta ostalariak biltzen dituen elkartearen zenbait ekintza lagunduko ditu gaur sinatutako hitzarmenaren arabera.

Jesus Zaballos alkateak eta Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak sinatu dute hitzarmena eguerdian Udaletxean egindako ekitaldian. Hitzarmenak merkataritza eta ostalaritza aktibatzeko planaren eta merkataritza biziberritzeko plan bereziaren balio-aldia mantenduz hainbat konpromiso hartzen ditu beregain.

Bazkide berriak erakartzeko kanpaina egingo dute elkarlanean udalak eta elkarteak, urte batez haien kuotak udalak finantzatuko ditu. Teknologia berrietan eta komunikazioan taldeko formazioa bazkideek eskuratzea ahalbidetuko du udalak ere. Banakako aholkularitza eskainiko du, marketineko aholkulari bidez; Aterpeak 'Merkataritza biziberritzen' egitasmoan eta 'Tratu On Bat' markaren eta haren webgunearen promozioan aktiboki parte har dezan sustatuko du udalak eta azkenik, herriko giro komertzialari eragiten dioten ekimen berrietan parte hartzeko proposatuko zaio.

Bere aldetik, Aterpeak, bazkide berriak erakartzeko lana egingo du, Udaberriko festa, Santa Ana pintxoa, Stockaren azoka, Bezeroen hamabostaldia, pintxo lehiaketa edo ibilbidea eta Eguberrietako kanpaina egingo ditu bezeroak erakarri eta herria aktibo mantentzeko.

Zaballosek esan du oso esparru garrantzitsua dela merkataritzarena herrian eta hau lantzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du. Elkarlanean, berriki jaso duten Lasarte-Oriako merkataritzaren egoera aztertzen duen ikerketaren (PERCO) gainean lanean hasi direla ere aurreratu dute agerraldian. Azken txostena 2004koa zen eta berriak, hainbat proposamen eta lehentasun markatzen ditu sektorea gurean dinamizatu eta hobetzeko.

Ormazabalek 'Tratu On bat' markaren baitan visa txartela ateratzea aztertzen ari direla aipatu du. Azken batean, fidelizazio kanpainaren parte litzateke hau.

Bi aldeek lan ildo berriak dituztela esan dute eta dagoeneko herrian nahikoa finkatuta dauden ekintzez gain, beste batzuk antolatzea ez dute baztertzen.