Gaur eta bihar jokatuko dira Santa Ana pala txapelketako finalerdiak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 20a, 10:46

Fase erabakigarrira iritsi da Santa Ana pala txapelketa. Asteazkenean bukatu zen 1go fasea, eta finalerdiak jokatuko dituzte orain sailkatzea lortu duten lau bikoteek. Gaur eta bihar jokatuko dituzte partiduak, Loidi Barren frontoian, arratsaldeko zazpietan. Antolatzaileek esan dutenez, lau bikoteetako edozeinek jantzi dezake txapela.

Jon Pello Artetxek eta Xabi Etxezarretak Bernaitz Odriozola eta Santi Martin izango dituzte parez pare gaurkoan. Lehen fasean neurtu zituzten indarrak bi bikoteek; Artetxek eta Etxezarretak 35-34 irabazi zuten neurketa. Datu horrek ez du askorako balio ordea, bi bikoteek maila ona erakutsi dutelako txapelketa osoan zehar eta edozer gerta daitekeelako kantxan gaur.

Bihar berriz, Jon Begiristain eta Xabi Arteagak iazko txapeldunen kontra neurtuko dituzte indarrak, Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziagaren kontra hain zuzen ere. Lehen faseko partiduan 35-30 gailendu ziren Begiristain eta Arteaga.

Finalerako txartela eskuratzen duten bi bikoteek 26an jokatuko dute final handia Loidi Barren frontoian, Santa Ana egunean, igandean. Hori baino lehen, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua jokatuko dute beste bi bikoteek, 17:00etan.