Akrobazien unibertso txikia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 18a, 12:00

Mota guztietako objektu zaharrekin euren unibertso propioa eraiki eta akrobazien bitartez gatibatu zituzten ikusleak 'Txatarra' obraren antzezleek atzo arratsaldean. Umorea, antzerkia, sentimenduek eta beste hainbat osagaik ikuskizun borobila osatu zuten Okendo plazan.

Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean prestatu zuten 'Kale antzerkia bultzatuz' egitasmoa. Atzoko 'Txatarra' antzezlanarekin bukatu ziren egitasmo horrek uztailerako programatuta zeuzkan ikuskizunen emanaldiak. 

Ongi bukatu ere. Okendo plazara hurbildu ziren ikusleek ikuskizun dibertigarri eta zirraragarri batez gozatu zuten. Hasi baino lehen beharbada ez zirudien oso erakargarria, eszenatoki gainean hodi eta taula zahar batzuk besterik ez baitzeuden. Itxura besterik ez zen, hasiera-hasieratik gatibatu baitzituen ikusleak hiru antzezleek eraiki zuten unibertso txikiak. Hodiak, taulak eta beste zenbait tresna erabilita hainbat akrobazia egin zituzten, sentimendu, umore eta beste hainbat elementurekin jantzi zituztenak.

Haur, gazte eta helduek primeran pasa zuten Malas Compañias taldeak taularatutako ikuskizunarekin eta emanaldiaren bukaeran txalo zaparrada luze batekin agurtu zituzten antzezleak.