Euskal Herriko festak Lasarte-Oriako kaleetan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 17a, 15:30
Desfilea egin dute gaur udako txokoetako gaztetxoek, begiraleen laguntzaz. San Ferminak, Zeledon, kaldereroak eta Mari Jaia irudikatu dituzte haurrek besteak beste; Euskal Herriko hainbat festa batuz euren ospakizuna sortu dute udako txokoetako kideek.

Eusko Treneko geltoki parean ekin diote desfileari gaztetxo eta begiraleek. Musika ekipoari gurpilak jarri, piztu eta ilararen aurrealdean jarri dute antolatzaileek, gida modura. Guztia prest utzi bezain pronto talde bakoitza bestearen atzean jarri eta herriko kaleetan barrena abiatu dira giro ederrean. Hainbat guraso eta herritar zeuzkaten zain kaleetako espaloietan.

Kale Nagusia zeharkatu eta Arkupe taberna ondoko biribilgunean buelta eman dute, berriro Kale Nagusitik pasa, Pablo Mutiozabal kaletik jaitsi eta Okendo plazara abiatu baino lehen.

Plazan erakutsi dute haur eta begiraleek egunotan prestatu duten sorpresatxoa; pare bat koreografia dantzatu dituzte ikusleen gozamenerako. Horrela eman diote amaiera desfileari, konfeti eta guzti, taldeetan bildu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastolara abiatu baino lehen.

Gaurko desfilea datorren astean eskainiko duten emanaldiaren aurrekaria izan da; Manuel Lekuona kultur etxera joango dira gaztetxoak emanaldia eskaintzera. Datorren ostiralean izango da hori, hilaren 24ean, 11:30ean.

Argazki galeria batean bildu ditu Txintxarrik desfileak utzi dituen irudiak.