Hamaika jolas, kantu eta kolore Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 17a, 11:46

Gogotik gozatu zuten haur, gazte eta gurasoek atzo arratsaldean Okendo plazan, Eidaberen 'Sardina freskue' ikuskizunarekin. 19:00ak pasatxo hasi zen emanaldia, eta orduz geroztik atsedenik ez zuten izan ikusleek, hainbat jolas eta abesti zituztelako prestatuta 'sardinzaleek'. 'Kale antzerkia bultzatuz' egitasmoaren baitako bigarren obra izan zen atzokoa. Gaur izango da hirugarrena: Malas Compañias taldeak 'Txatarra' antzezlana taularatuko du Okendon, 20:00etan.

Izenburuan bai, baina emanaldiaren protagonista nagusia, hamaika koloreko sardina ez zegoen atzo Okendo plazan, 19:00etan. Helburu horrekin igo ziren taula gainera bost 'sardinzaleak': haur, gazte eta gurasoen laguntzarekin sardina hori aurkitzekoarekin. 

Arrainak itsasoan bizi dira noski, eta horien bila abiatu baino lehen ezinbestekoa da bidaia horretarako prestatzea. Arraunean ikasi eta itsasontzia eraikitzea lan luze eta nekezak izan ohi dira, baina segun eta nola planteatzen dituzun dibertigarri eta arin bihur daitezke, sardinzaleek atzo erakutsi zuten lez. Okendon bildu zen tripulazio zabaleko kideak bildu, eta jolasen bitartez arraunean ikasi eta itsasontzia eraiki zuten. Indarrak berreskuratzeko hainbat abesti eraman zituzten taula gainera sardinzaleek, eta arrainak ziruditen ur-pistolekin ezustean harrapatu zituzten ikusleak. 

Horrela aritu ziren sardinzaleak eta herriko tripulazioko kideak, jolas eta kantuan, hamaika koloreko sardina topatu arte. Aniztasuna eta alaitasuna ekartzen omen ditu arrain horrek. 'Sardina freskue' ikuskizunak ere jarri zuen bere hondar alea, kolorez eta giro onez bete baitzuen Okendo plaza atzo arratsaldean.

'Txatarra' antzerkia

Gaur arratsaldean ere badute hitzordua lasarteoriatarrek, Okendon bertan. Malas Compañias taldeak 'Txatarra' antzezlana taularatuko du, 20:00etatik aurrera. Umorea, antzerkia, objektuen manipulazioa eta akrobazia uztartzen ditu lan ikusgarri horrek. Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sortutako 'Kale antzerkia bultzatuz' zikloaren hirugarren eta azken emanaldia izango da gaur arratsaldekoa.