Plazara atera da artisautza

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 19a, 22:07

Giro ederrean ospatu dute gaur XXXI. eskulangintza azoka, datorren asteko igandeko Santa Ana egunaren aurrekari gisa. Eguraldi ona lagun, hainbat herritar hurbildu dira Okendo plazara. Bertan izan da baita ere Luis Irizar sukaldaria; labana jaso du Cesar Bozal herriko artisauaren eskutik.

XXXI. Santa Anako eskulangintza azoka ospatu dute gaur Okendo plazan. Sendoki Kultur Batzordeko kideek antolatu dute, Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean. Elikadura arloko eta artisautza barruko hainbat diziplinetako artisauak batuz ia 60 postu jarri dituzte: horietako 27k Antonio Mercero plazan jarri dituzte postuak; plazan bertan aritu dira produktuak saltzen beste 26 eta arkupeetan jarri dira Paco Altuna eskultorea, Zurmailu zurlanketa taldeko kideak eta 15 bolillera.

Okendo plaza ez da izan betidanik gaur egun ezagutzen dugun bezalakoa. Frontoia zeukan aldamenean orain dela urte batzuk. Batek baino gehiagok oroituko zituen hainbat pasadizo Paco Altunaren maketa ikusi dutenean, garai bateko Okendo plaza islatzen zuena. Herriko eskultorearen alboan zeuden Biyak Bat erretiratuen elkarteko bolillerak, eta apur bat urrunago Zurmailu zurlanketa taldekoak; egur-taila erakusteta eskaini dute zuzen-zuzenean.

Eguraldi paregabea egin du, arratsaldean batez ere, eta hori baliatuz hainbat herritar hurbildu dira azokara egunean zehar.

Luis Irizarri omenaldia

Euskal Herriko sukaldari ezagun bati eman dio eskuz egindako labana Cesar Bozal herriko artisauak. Luis Irizar izan da aurtengo omendua. 1930ean jaio zen La Habanan, eta oraindik oso gaztea zenean etorri zen Euskal Herrira. Familiarena zen Buenavista jatetxean hasi zen lanean, Igeldon, 17 urte zituela. Urteen poderioz gero eta ezagunago izaten hasi zen, harena zen 'Gurutxe berri' jatetxeak (Oiartzun) Michelin izarra jaso zuenean batez ere. Ostalaritza eskola bat ireki zuen 1967an Zarautzen; bertatik pasa ziren Karlos Argiñano eta Pedro Subijana, besteak beste. 1992an Urrezko Danborra eman zion Donostiako Udalak. 

Sendokiko kide Ramon Ormazabalek omenaldira joatea eskertu eta sukaldaritzaren munduan Irizarrek egindako lana goraipatu zuen. Jesus Zaballos alkateak esan zuen bere lanagatik izan ez balitz Euskal Herriko sukaldaritza ez litzatekeela berdina izango: "Maisuen maisu izan zara sukaldaritzan; eskerrik asko urteotan guztiotan sukaldaritzan egin duzun lan eta berrikuntzengatik. Herriaren historiaren parte zara".

Cesar Bozal artisauak labana eman dio ondoren, eta adierazpen batzuk ere egin ditu: "Espero dut laban hau lagungarri izango zaizula zure platerak prestatzen dituzunean. Zure lanagatik izan ez balitz, Euskal Herriko sukaldaritza ez litzateke gaur egun dena izango". Horien guztien hitzak entzun ostean, Luis Irizarrek bera jarri da mikrofonoaren aurrean. "Eskerrik asko guztioi hemen egoteagatik. Mila esker antolatzaileei, oso jator portatu baitira nirekin uneoro. Oso pozik nago berriro Lasarte-Orian egoteaz; primeran pasa dut lagun zaharrak ikusi eta gaztetako pasadizo eta anekdotak oroitzen. Ea laster elkartzeko beste aitzakiaren bat daukagun. Ongi pasa azokan eta gozatu", esan du Irizarrek, hunkituta. 

Txalo zaparrada luze bat eskaini diote plazara bertaratutakoek Irizarri, omenaldia bukatzerakoan. Horren ostean, Okendo zein Antonio Mercero plazetako ia 60 postuetara abiatu dira, produktuak ikusi eta erostera. 

Argazki galeria batean jaso ditu Txintxarrik gaurko azokak utzi dituen hainbat irudi.