Xirimiriren aldeko ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 16a

Xirimiri ixteko aginduaren aurrean, sinadura bilketa eta Lucio Urtubiaren hitzaldia antolatu dituzte elkartasun ekintza modura. Herritarrak hauetan parte hartzera deitu nahi izan dituzte elkartean egindako agerraldian.

“Euskal Herritarrok urte luzez gatazka eta sufrimendua bizi izan ditugu. Azken urteotan emandako urratsek eta sortutako testuinguru berriak, justizian eta bakean oinarritutako etorkizun baterako aukera zabaltzen dute” hasi da esaten Liher Unanue.

“Eragile politiko eta sozialek zein norbanakoek emandako urratsek ekarri gaituzte egoera honetara eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, ezinbestekoa izango da denok erantzukizunez jokatzen jarraitzea. Bide horretan, lekuz kanpo daude konponbidea oztopatzen duten prozesu judizial, desjabetza eta debeku guztiak” aipatu du Unanuek.

Ekainaren 18an Auzitegi Gorenak 107 herriko tabernaren aurkako sententzia berretsi zuen tartean herriko Xirimiri. Sententzia hau exekutagarria da, eta ondorioz, edozein momentutan Xirimiri elkartean desjabetza eman daitekeela azpimarratu dute gaur egundako agerraldian.

Xirimiri elkarteak duela 26 urte ireki zen,“ezkerreko eta abertzale izaerarekin, elkarte gastronomiko eta kultural moduan. Bertatik amets eta ideia ugari gauzatu ahal izan dira urte guzti hauetan eta hainbat erakunde eta eragile ezberdinek erabili dute beraien jarduerak aurrera eramateko: Independentziaren aldekoek, munduko herri zapalduen alde aritu direnek, langileen eskubideen alde borrokan dihardutenek, talde feministek, ingurugiroaren defentsan lan egin dutenek, euskara eta bere erabilera gure herrian indartzen aritzen direnek,  preso politikoen eskubideen defentsan  lanean ari direnek, eta zerrenda amaiezin bat osatuko luketen beste hainbat eragile sozial eta kulturalek”.

Gogoratu dute milaka lasarteoriatar izan direla bertan jaten, bilerak egiten, kontzertuez gozatzen, militantzia aktiboan, kultur ekitaldiak ikusten, ikastaroak eman eta jasoz, besteak beste. “Urteetan zehar Xirimiri elkartea era guztietako herri mugimenduaren erreferentzia eta bitarteko bizi bat izan da”.

Sententziaren aurrean kontrako jarrera azaldu nahi izan dute bertaratutako herritarrek. Zigortutakoen absoluzioa eta herriko tabernen zigorraren indargabetzea eskatu dute baita sententzia honek eragiten dituen kaltetu guztiekiko elkartasuna adierazi ere.

Ekintzak

Xirimiri elkarteari elkartasuna erakusteko hainbat ekimen egingo direla iragarri dute. Sinadura bilketa zabal bat hasi dute gaur bertan bazkideek eta horrela herriko ekitaldi jendetsu guztietan egongo direla, azoka, pintxo-potea, San Inazio eta Santa Ana egunetan besteak beste.

Horretaz gain, datorren ostegunean 19:00etan Xirimirin Lucio Urtubia anarkistarekin solasaldia prestatu dute. Herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatu dituzte.