Oriatarren egun handia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 16a, 16:06
Karmengo amaren eguna dugu gaur eta oriatarrak haien zaindariaren eguna ospatzen ari dira, baita kaperako 75. urteurrena ere. Aurten oriatarrek On Ramon Uribe-Etxebarria apaizari omenaldia egingo diote.

Goizeko hamarretan hasi dira ospakizunak, Billabonako Solano taldearen trikitilariek alaitu dute auzoa eta buruhandiak ere atera dira kaleetara. 

Haurren gozamenerako tailerrak ere izan dira. Globoflexia, apaintzeko objektua edo pultserak egin ahal izan dituzte Oriako kapera ondoko plazara hurbildu diren gaztetxoek.

Ostean, meza nagusia izan da eta oriatarrek kapera bete dute, izan ere, ospakizun bikoitza baitzuten gaur, haien zaindariaren eguna eta kaperaren 75. urteurrena. 

On Ramon Uribe-Etxebarria, Juan Luis Murua, Xabier Andonegi eta Ibon Alberdik eman duten meza, Pilar Catalina eta Amaia Lizarraga sopranoek girotua izan da. Hala nola, Cesar Francken 'Panis Angelicus' edo Schuberten 'Ave Maria' abestu dituzte Gerardo Rifon organo jolearen laguntzaz. Goikouria familia ere izan da txalaparta jotzen eta Solano taldeko lagunek agurra dantzatu dute kontsagrazioan.

On Ramon Uribe-Etxeberriak eskerrak eman dizkie oriatarrei omenaldia egiteagatik eta 2003an kapera itxi eta Udalaren eta oriatarren laguntzaz berriro ere ireki ahal izan zela gogoratu du.

Meza amaitzean, luntxa izan da Plazido Muxika plazan. Bertan oriatarrek elkarrekin hitz egin ahal izan dute bazkarira joan baino lehen.

Orain oriatarren urteroko bazkariaz ari dira gozatzen 'El jardin' jatetxean. Bertan On Ramon Uribe-Etxebarria apaizari omenaldia egingo diote.

Haurrentzako ekintzak eta dantza

Baina ez dira bazkariarekin Karmengo jai hauetako ekintzak amaituko. 17:00etan, puzgarriak izango dira Brunet-enea parkean eta globo gerra batez gozatzeko aukera ere izango dute etxeko gaztetxoek.

18:00etan, berriz, Orian sorrera duen Sorgin dantza ikusteko aukera izango da eta 20:00etan, nahi duenak oinak mugitu ahalko ditu Ibai Berriak taldearen eskutik Brunet-enea parkean.