Udal ordezkariek XpressionK-ko Jokin Telleriarekin egin dute egitarauaren aurkezpena. Kultur Kale zikloa 2012an sortu zen ordura arte Manuel Lekuonako kafetegian egiten ziren kontzertuen lekukoa hartuta. Zikloaren helburua Jesus Zaballos alkateak azaldu duen moduan, herrian kultur jarduerak egiteko bide berriak irekitzea eta aldi berean, artistei euren lanak ezagutzera emateko baliabideak ematea izan da hasieratik helburua.
2013an Jokin Telleriak azpimarratu duenez, kontzertuak kalera ateratzea erabaki zen eta hauetara jende gehiago gerturatzen zela ikusita, hala mantentzea erabaki da aurtengoan ere.
Egitarauari dagokionez, Psicoacustic herriko taldeak zabalduko du larunbatean 19:30ean Isla plazan eskainiko duen kontzertuarekin. The Beatles taldeari tributoa egiten dion taldea da eta berriki talde ingelesaren “Help” diskak 50 urte bete dituela eta, honen bertsio bat kaleratu dute. Diska honetan bildutakoak izango dira besteak beste eskainiko dituzten kantak.
Abuztuaren 1ean, Transistores Bilboko taldearen rockabilly doinuak entzun ahal izango dira Tximistarreta parkean. Abuztuaren 29an berriz, James room& Weird Antigua taldeak folk ukitua duten kantak eskainiko ditu Okendo plazan.
Azken kontzertua irailaren 12an izango da Mery May&The Muppets taldearekin. Indie estiloko musika da taldeak ekarriko duena Telleriak aipatu duenez.
Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira eta eguraldi txarra egitekotan, lehenago esango da kontzertua bertan behera geratzen den ala ez.
Txus Alonso zinegotziak aipatu du, hau bezalako ekimenak herriko beste plaza batzuetan egitea garrantzitsua dela eta herritarrak animatu nahi izan ditu hauetara gerturatu eta musikaz gozatzera hurbil daitezen.