Landaberri-Garaikoetxeako jangelako lanen epeak betetzea zainduko du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 10a

Lasarte-Oriako Udala aspalditik dago Landaberri ikastolako Gurasoen Elkartearekin eta zuzendaritzarekin batera Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean bertan jantoki eskolarra egoteko lanean.

Udalak ohar bidez jakin arazi duenez, obren erritmoaren ondorioz ikastetxean dagoen kezkaz jabetzen da.

Horregatik duela gutxi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Construcciones Moyua, S.A. enpresari lanak esleitu zizkiola eman du jakitera, baita lanaren egoeraren berri izateko hauekin harremanetan jarri direla ere. "Obraren arduradunek emandako informazioaren arabera, egitura exekutatzeko beharrezkoak diren panel aurrefabrikatuak fabrikazio-prozesuan daude dagoeneko. Uztaileko azken astean obraren exekuzioari ekitea aurreikusten dute, eta ezarritako 6 asteko epean bukatzea".

Obraren exekuzioaren arduraduna Eusko Jaurlaritza bera den arren, lan horiek zaintzen ariko da Udala, "denon nahia baita obrak gehiago ez atzeratzea".