Pili Bodegas bigarren Pasai Donibanen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 6a

Herriko triatletak emaitza bikaina erdietsi zuen atzoko sprint distantziako triatloian. Bigarren postuan zeharkatu zuen helmuga, Charlotte McShane australiarraren atzetik. 1:23:36ko denbora egin zuen Bodegasek, igerian 750 metro, bizikletan 20 kilometro eta korrika 7,5 km egin eta gero.

Euskadiko Triatloi Federazioaren zirkuitura begira hamargarren proba puntuagarria izan zen atzo Pasai Donibanen jokatutako triatloia. Bigarren edizioa izan da aurtengoa. Horrela geratu zen podiuma: Charlotte McShane australiarra igo zen maila gorenera atzo, 1:16:05eko denbora eginez; handik zazpi minutu pasatxora iritsi zen Bodegas eta Irati Etxaburuk eskuratu zuen hirugarren postua 1:25:40ko denborarekin.

Gizonezkoen kategorian ere australiar batek irabazi zuen, Brendan Sexton triatletak hain zuzen. Ordu bat, 5 minutu eta 59 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. 

Elizegi ederki Deban

Manhattan Island Marathon Swim proba prestatzen jarraitzen du Xabier Elizegi herritarrak. Hori dela eta, kilometroak pilatu eta pilatu ari da hilabeteotan. Debako VIII. Itsas Milan hartu zuen parte larunbatean, eta zazpigarren postua eskuratu zuen 53:05eko denbora eginez. Podiumetik oso gertu geratu zen herritarra; berak baino 32 segundo lehenago zeharkatu zuen helmuga Iñaki Guridik, hirugarren sailkatu zen igerilariak.