Begirale eta udako ikastaroetarako diru-laguntzak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 6a

Udaleko Euskara Batzordeak 2015 urterako egin duen diru-laguntzen deialdiaren barruan, aisiako begirale eta zuzendari izateko eta unibertsitateetako udako euskarazko ikastaroetarako diru-laguntzak onetsi ditu eta 1.360,00 euro eta 400,00 eurorekin hornitu ditu, hurrenez hurren.

Udaleko euskara batzordeak hainbat laguntza lerro abiatu ditu begirale, zuzendari edota uniber-tsitateetako euskarazko udako ikastaroetan parte hartu duten herritarrentzat. 

Asialdi begirale eta zuzendari

Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatu duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250 euro gehienezko kopurura arte) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.

Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 eurokoa izango da. 

Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n egin beharko dira eskaerak.

Unibertsitateetako ikastaroak

Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. 

Kasu honetan, bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez ditu barne hartuko.

Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.

Eskaera-orriak Udalaren web-orrian zintzilikatuta daude dagoeneko edo euskara zerbitzura hurbilduta jaso ahal izango dira. 

Informazio gehiago nahi izanez gero herritarrek 943 376 184 telefonora dei dezakete.