Zure bizitza mugatu beharrean, ipini mugak gustatzen ez zaizunari'; 'Astuna izatea ez da ligatzea, erasotzea baizik'; 'Jaiak pertsona guztiek gozatzeko dira'; Ez zaitez erasoen konplizea izan, eta esan ez erasotzaileei; ezetz, ezetz da'.
Gisa horretako esaldi, gomendio eta jarraibideekin osatu dute eskuorria Emakumeen Zentro Zibikoko hainbat emakumek eta Ainara Altuna ilustratzaileak.
San Pedro jaiak ospatzeko prestatzen ari da herria; motibo horrekin erabaki dute eskuorriak orain banatzea. Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan adierazi zuten dagoeneko banatu dituztela hainbat eskuorri herriko buzoietan: 1.500 etxetara iritsi dira.
Lelo eta marrazkien indarra
“Besteak beste, sexualitatea norberak modu askean bizi behar duela eta norberak bere bizitzaren jabe izan behar duela transmititu nahi izan dugu eskuorri honetan”, azaldu zuen atzo Joana Azpitarte teknikariak.
Eskuorri horretan bildu dituzten jarraibide eta gomendioen artean batzuk nabarmendu zituzten Emakume zentroko teknikariek. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gerta daitezkeen erasoen konplize ez izatea; jarrera zehatz batzuen aurrean isilik eta geldirik geratzen direnak eraso horiek onartzen ari dira. Zerbait egin behar dute".
“Ilustrazioek asko indartzen dituzte eskuorrian bildu ditugun egoera eta jarraibideak. Indar asko dute marrazki horiek, baita leloak ere, festak datozen honetan: 'Ezetz da ezetz, gureak kaleak eta gauak'”, nabarmendu zuen Maria Salsamendi teknikariak. Era berean, gogorarazi zuen herritarrek eskura dituztela hainbat telefono lagungarri, eskuorriaren kontrazalean: SOS deiak, telefono bidezko laguntza eguneko 24 ordutan, Lasarte-Oriako udaltzaingoa, Emakumeen Zentro Zibikoa eta Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuak.
Udalaren balorazioa
Jesus Zaballos alkateak Udalaren izenean hitz egin zuen: “Festetan egote huts horrek ez dio gizon bakar bati ere zilegitasunik ematen emakumeak indarkeriaz tratatzeko. Oso garrantzitsua da festen atarian eskuorri hau banatu izana; herriko emakumeek era sendo batean erantzun behar diete gisa honetako erasoei. Ezezkoa denean, ezezkoa da”.
Zaballosen hitzetan, "garrantzitsua" da Emakumeen Zentroan gisa horretako ikastaroak egitea: "Zoritxarrez, hainbat emakumek jasaten dituzte eskubide urraketa, eta baliabideak behar dituzte horiei aurre egiteko".
Era berean, adierazi zuen “oso baliotsua” dela ilustrazioak herriko pertsona batek eginak izatea, herrian “talentua” dagoela erakusten baitu.