Hasi dira haurren San Pedro jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 26a

San Pedro Jaiak hasi dira etxeko txikientzat. Eguerdian Ostadar SKT-ko saskibaloiko neskek eman diote hasiera jaiari. Gozatzeko lau egun dituzte aurretik.

Eguerdiko hamabietan puntuan egin du eztanda lehen txupinak eta Lasarte-Oriako haur eta gaztetxoak dantzan jarri dira. 

Txupin aurreko minutuetan haur eta gazteak Okendo plazan ikusi ahal izan ditugu haien kamiseta edo blusak apaintzen. 

Ordua iritsi ahala, haur, gazte eta familiak Udaletxe zaharreko aurrea hartu eta txupinaren zain egon dira Udal Musika eskolako trikitilarien doinuak lagun zituztela.

Ostadar SKT-ko gaztetxoak izan dira aurten txupina botzeko ardura izan dutenak, zehazki saskibaloi ataleko kadete neskak. Txupina bota baino lehen haur eta gazteei blusa jantzi eta haientzat antolatu diren ekintzez gozatzeko deia egin diete. Era berean, denboraldi honetan lagundu eta babesa eman dieten guraso eta lagunei eskerrak eman diete, baita saskibaloi taldeetan parte hartu nahi duenari atea ireki ere. Horregatik, irailean entrenamenduak hasten dituztela jakitera eman dute.

Txupina bota eta Udal zaharreko aurrea kolorez bete da. Globoak jaurti dira eta Kale Nagusitik batetik bestera ibili dira hainbat herritarrek bere egin arte.

Era berean, Erraldoien konpartsa Oriako txarangako lagunen doinuen laguntzaz atea da dantzan eta Txorotxarangako kideak ere martxan jarri dira herriko kaleak alaitzeko.

Arratsaldean, 19:00etan, Ostadar SKTko lagunak ere izango dira helduen txupinean. Hauekin batera, Biyask Bat elkartea ere izango da festei hasiera ematen.

Haurren txupineko eta goizeko giroko argazkiak.