Larunbat arratsalde kulturala

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 27a

Haurrentzako parkea, txirigotak, mus txapelketa, La Conga antzerkia eta kale kontzertuak izan dira, orden horretan, larunbat arratsaldeko egitarauko ekitaldiak. Kultura eta aisiarekin loturiko ekintzez gozatu dute herritarrek.

Tentagarria da horren eguraldi onarekin hondartzara joan nahi izatea, baina herrian geratzea erabaki dutenak ez dira aspertu, ezta gutxiagorik ere. Kultura eta aisiarekin loturiko zenbait ekitalditara ikusle gisa joan dira, eta parte hartzeko aukera izan dute beste batzuetan.

Gaztetxoenek Andatza plazan zuten hitzordua, goizean bezala. Haur parkeak berriro ireki ditu ateak eta gogotik gozatu dute haurrek puzgarri eta antzeko jolasekin.

Okendo plazan berriz, barre algara etengabeak entzun dira bostetatik aurrera. 'Los niños de la Mary' laukoteak eta 'El que entra no sale' txirigota taldeak izan dira horren erantzule. Txiste, errima eta graziaz beteriko kantuekin gatibatu dituzte ikusleak. Hori bukatu eta berehala, Sorgin Jaiak-ek antolatutako mus txapelketa hasi da. Hainbat bikote aritu dira jokoan arratsaldean zehar. Brilet txapelketa ere egin behar zuten, baina espazio arazoak direla-eta bertan behera utzi dute. 

Bertan behera utzi ez dituztenak kale kontzertuak izan dira. Keep Diggin eta Parrandarako Orkestra taldeek giro bikaina jarri dute Pablo Mutiozabal kalean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuaren parean. Bertako ikasleak diren eta ez diren herritar asko hurbildu dira kontzertuez gozatzera. 

Bien bitartean, Elizatze plazan ziren beste hainbat lasarteoriatar, Trapu Zaharra taldearen 'La Conga' antzerkiaz gozatzen. Maribel Salas eta Santi Ugalde aktore ezagunek taularatu dute antzerki hori.

Larunbat arratsaldeko ekitaldiek utzitako irudiak bildu ditu Txintxarrik argazki galeria honetan.