10:30ean hasi dira prestaketa lanak sukaldarientzat. Guztira 22 bikotek izena emanda zuten baina 19 izan dira azkenean lehian. Urtero bezala, Usapalek emandako bakailua modu hoberenean prestatu behar izan dute parte hartzaileek.
Eguerdirako dena prest izan dute sukaldariek eta epaimahaiaren txanda izan da. Ainhoa Ormazabal Culinary Centerreko kidea, Iñaki Izagirre Juve y Camps cavaren ordezkaria, Martin Berasategi, Txemi Zulaika eta Agustin Boveda sukaldariek osatu dute. Ez dute lan erraza izan. Orokorrean maila oso altua izan dela komentatu dute.
Guztira 8 sari eman dira baina lehenengoa eta nagusia, Patxi Castro eta Carmen Palañarentzat izan da. Bikoteak prestatu du goizeko bakailu goxoena. Carmen Tarragonako Torredembarratik etorria da egun batzuk herriko lagunekin pasatzera eta pozez zoratzen zegoen sariarekin.
Elkarte onenaren saria Marian Buenok hartu du Buruntzazpiren izenean. Bera izan da txapeldunordea Ane Miren alabarekin batera.
Epaimahaiak bezala, herritarrek ere aukera izan dute bakailua dastatzeko. Bi eurotan pintxo-potea egin baita sorgin gunean.