Atzoko parrandaren arrastoak oraindik kaleetan nabari zirelarik atera dira Ttirriki-Ttarrakakoak euren doinuekin herria esnatzera. Michelinen bola eta toka txapelketa hasi dute herritarrek 10:30 inguru eta 11:00etan haur eta gaztetxoz osatutako danborradak bere ibilbidea hasi du Manuel Lekuona parean.
Lasarte-Oriako ereserkia izan da jo duten lehenengo pieza. Horrekin batera eta erraldoiak buru, abiatu dira ordu bete luzeko emanaldia egitera. Aipatu behar da honetan ere ohi bezala, Jalguneko kideak aritu direla maisuki. Herriko erdigunea zeharkatu eta Okendo plazan amaitu dute.
Kanta eta dantza
Hala ere, ez da goizeko ekitaldi bakarra izan, goizean goiz Okendon Biyak Bateko erretiratuek lerroko dantzen erakustaldia eskaini dute. Bikoteka eta lerroak ondo mantenduz, denetariko doinuei pausoak jarri dizkiete. Senide eta lagun asko gerturatu dira hauek ikustera.
Amaia Gonzalez Caballerorekin ikasitako areto dantzak ere eskaini ditu jarraian talde txikiago batek.
Eguerdian, Sagardotegi kaletik atera dira Xumela eta dantza plazako kideak herrian zehar euren doinuak eta dantzak eramatera. Gaur egun berezia izaki, beste herri batzuetako kideak izan dituzte lagun Hondarribi, Zarautz, Usurbil eta Donostiako kantu jiretako kideak hain zuzen. Lagun artean giro ederra jarri dute igandeko poteo garaian.