Ostadar eta Biyak Bati aitortza

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 29a

San Pedro goizeko ekitaldi nagusia izan da omenaldia. Manuel Lekuonan Ostadar eta Biyak Bateko kideek jaso dute udalaren aldetik urte luzeetan egindako lanari aitortza. Horretaz gain, meza nagusia izan da San Pedro elizan, Extremadurako doinuak eta jakiak dastatzeko aukera egon da Okendon, herri kirolen erakustaldia eta haurrentzat, toka eta bola jokoak eta ur jolasak izan dira.

Okendo plazan bola eta tokan aritu ahal izan dira haur eta gaztetxoak goizean goizetik. Horretaz gain, Isla plazan kokatutako ur jolasekin ederki gozatu dute. Nagusiak berriz, ohiturari eutsi eta San Pedro elizara gerturatu dira Xabier Andonegik gidatutako meza nagusia entzutera. Albokaren kantak eta Erketzen dantzak izan dira honetan. Erketzeko dantzariek gainera mezako irteeran arkuak eta ezpatak jarri dituzte.

Eguerdian ‘Ecos de Extremadura’ Errenteriako taldeak girotu du Okendo plaza, herriko Extremadura etxekoek migak banatzen zituzten bitartean. Aipatu behar da ilara luzeak osatu direla jaki tipiko hau dastatzeko. Herriko kaleetan ere ikusi eta entzun dugu herritar talde baten ekimenez, berriki sortutako Lasarte-Oriako txarangaren doinuak.

Herri kirolen erakustaldia izan da Elizatze plazan. Antonio Kañamaresek moto zerrarekin enborrean eskultura bat egin du hasieran. Peio Kañamares aizkolariak bertikalean enborra mozten erakustaldi polita eskaini du eta jarraian, Beñat Telleria 19 urteko herritarrak harri ezberdinak altxatu ditu txalo artean. Anartz Mugertza aizkolaria aritu da Arostegiko Peio eta Oier Kañamaresekin, amaitzeko trontza.

Omenaldia

Zalantzarik gabe, eguneko ekitaldi garrantzitsuena izan da Manuel Lekuonako omenaldia. Bertan Jesus Zaballos alkateak gidatuta aitortza egin zaie Ostadar-Saiarre eta Biyak Bat elkarteei. Zero Sette akordeoi orkestrak jarri dio musika ekitaldiari.

Imanol Bardaji Ostadarreko lehendakariak esker oneko hitzak izan ditu elkartearen ibilbide luzean modu batera edo bestera parte hartu duten herritarrentzat. Aldarrikapenerako ere baliatu du omenaldia eta udalari herriko kirol instalazioen hobekuntza beharrezkoa dela azpimarratuta, esparru honetan lan egitea eskatu dio “izan ere beharrak asko dira eta instalazio zaharkituez gain, txikiak geratu dira kirola egiten dute herritar guztiak hartzeko”.

Jarraian, Biyak Bateko kideen txanda izan da. Hauek ere oso eskertuta azaldu dira eta orain arte bezain aktibo mantentzeko konpromisoa azaldu dute. 60 urtetik gorako herritarrak ere animatu ditu Adela Mansok elkartean izena ematera. Horretaz gain, eskera bat ere egin die udal ordezkariei eta 37 urte dituen egoitzan hainbat berrikuntza lan egin behar direla esan die.

Honekin guztiarekin, udal ordezkari guztiak oholtzara igo dira omenduekin batera eta Lasarte-Oriako ereserkia abestuz amaiera borobila eman diote ekitaldiari.

Goizeko bideoak eta argazkiak.