Alaitasun eta festa gogo horren isla izan da Biyak Bat erretiratuen elkarteko konpartsa. 19:00etan irten dira Zaharren Egoitzatik, Oriako txaranga lagun zutela. Herriko kaleak zeharkatu dituzte konpartsakoek eta hainbat herritar kutsatu euren doinu eta dantzekin.
Konpartsak bira eman bitartean, Andatza plazan ere musika entzun zitekeen. Kaoba orkestra taula gainera igo eta hainbat abesti jo ditu, estilo desberdinetakoak, plazara hurbildu direnen gozamenerako. Arratsaldean saio bat egin dute, baina gauean berriz hartuko dituzte instrumentuak, beste dantza-saio bat eskaintzeko. Gorputza mugitzeko gogoa daukanak, beraz, Andatza plazan du hitzordua 23:30ean.
Horren aurretik, Aterpea elkarteko kideek sardin-jana prestatu dute Okendo plazan.. urtero egiten duten bezala. Sardinen usain goxoak eta Ttirriki-Ttarrakako musikarien doinuak erakarrita, ilara luzea osatu da Aterpearen postu aurrean. Hori baino lehen, hainbat ikusle (gaztetxoak gehienak) bildu dira Okendon bertan, 'Libertia' izeneko antzerkiaz gozatzeko. Hortzmuga konpainiak taularatu du obra hori, eta arrakasta izan du ikusleen artean.
Era berean, 16:30etatik aurrera hainbat familia gerturatu dira Isla plazara, elkarrekin jolasteko 'Jokomobila' izeneko gunean antolatzaileek prestatutako jokoekin.
Arratsaldeko ekintzek hainbat irudi utzi dituzte, Txintxarrik argazki galeria batean bildu dituenak.