Oroimen historikoaren aldeko taldeak irteera antolatu du. Hitzordua goizeko 9:00etan Okendoko plazan da.
Garbiketa
Islada Ezkutatuak taldea oroimen historikoa bildu eta argitara ateratzeko hainbat lan egiten ari da, hauetako bat arkitektura aztarnen bilaketa da. 1936ko gerra bizi zuten herritarren testigantzak jaso-tzen hasi eta Andatza mendi inguruan lubaki bat zegoela jakin zuen taldeak. Usurbilgo herritarrei esker jakin zuten kokapen zehatza, Zubietamendiko Txaldartxur mendixka eta 2013 urteaz geroztik, auzolanean eremu horretan ari da indusketa lanetan. Honi esker, lubakiak ikusgai jarri eta Gerra Zibileko armamentua eta beste hainbat objektu aurkitu zituzten.
Esate baterako, 2014ko martxoan esku granada eta irailean lehertu gabeko artilleriako proiektil bat aurkitu zituen taldeak eremuan. Bi kasuetan Ertzaintzari parte eman eta honek era kontrolatuan leherrarazi zituen.
Historia
Aurkikuntzak egin eta taldea lanean hasi zen bertan gertatutakoa ezagutzeko. Honela, ahozko informazioa, garaiko prentsa, artxiboak eta bibliografiak aztertu ostean, Txaldartxur 1936ko abuztutik aurrera borroka gune bilakatu zela jakin du taldeak. Errepublikarrek bertan defentsa lubaki eta tiratzaile hobiak antolatu zituzten eta posizio hauek 1936ko irailean Cayuela Teniente Coronelaren tropek.
Bisita
Taldeak orain arte ez du lekua erakutsi izan zitekeen arriskuagatik. Larunbateko bisitan aldiz, lubaki eta tiratzaile hobiak erakutsi eta aurkitutako materiala azalduko diete Islada Ezkutatuak taldeko lagunek herritarrei. Era berean, bertan gertatu ahal izan zenaren errelatoa egingo dute. Hau guztiaz gain, interesa duten herritarrei gonbita egiten die taldeak Txaldartxurren indusketa eta garbiketa lanetan parte hartzera. Taldeko kideek aipatu digutenez, eguraldi txarra eginez gero, momentuan erabakiko da zer egin.