Jatorri paganoa du antzinako tradizio honek, baina Erdi Aroaz geroztik hartu zuen gaur egun ere manten-tzen duen izena, San Joan Bataiatzailearen eskutik. Hainbat mende dituen arren, bizi-bizi jarraitzen du ohiturak eta Euskal Herriko bazter guztietan pizten da sua ekainaren 23an.
Lasarte-Orian ere manten-tzen da usadioa noski, eta jende andana bilduko da Andatza plazan urteko gertaera eta oroitzapen txar guztiak sutara jaurti eta era berean udari ongietorria egiteko. San Pedro jaiak ailegatzear daude, eta San Joan bezpera ospatzea baino hoberik ez dago motorrak ongi berotzeko.
Biharko egitaraua
Gaueko hamarretan piztuko da San Joan sua Andatza plazan. Kalejira, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dira jendeak gauza eta oroitzapen txar guztiak bertara bota bitartean.
Dantza eta musika 22:00ak baino lehenago hasiko dira, ordea. Erketz EDT dantza taldeak, hainbat musikari eta udalbatzako zenbait kiderekin batera Andatza plazara joan go da kalejiran.
Bertan San Joaneko zortzikoa eskainiko du 21:30ean, gaueko ekitaldiei hasiera emanez.
Horren ostean, tradizionala bilakatu den emanaldi baten txanda izango da: soka-dantzarena.
Aurten Erketz EDT-rekin batera, Alboka Abesbatzak eta Zero Sette Akordeoi orkestrak ere parte hartuko dute hainbat doinuetan lagunduz.
Horiek izango dira biharko gaueko ekitaldiak. 21:30era itxaron gabe, arratsaldean ere edukiko dute zer ikusi herritarrek. Forma-forman daudela frogatuko dute Biyak Bat erretiratuen elkartekoek, gimnasia erakustaldia egingo baitute Udal kiroldegian, 18:00etan.
Errito eta usadioak
Gau magikoa eta ospakizun zaharra izaki, hainbat errito eta usadio egin izan dira Euskal Herrian, belaunaldi desberdinetan zehar. Gure herrian ere bai. Ur bedeinkatua eta ur berria banatzen ziren baserriz baserri, San Joan bezperan sua erre eta gero, adibidez.
Era berean, San Joan egunean elorri eta erramuarekin egindako gurutzeak jartzen ziren ate eta leihoetan, trumoiak saihesteko. Ea bihar ere trumoirik ez dagoen.