San Joan sua da gurean ohitura errotuenetako bat. Gaurko gauean, urteko gauza eta oroitzapen txarrak sutan erre eta ziklo berri bati ekiten zaio. Itxaropen eta desio berriak pizten dira udaren iritsierarekin batera.
Su honen inguruan soka dantza eskaintzea ere gurea da eta Erketz dantza taldeak urteak daramatza herrian ohitura hau gal ez dadin lanean. Hau eta San Joan zortziko tradizionala eskaini dute besteak beste sua piztu baino lehen Zero Sette eta Albokako kideen doinu eta ahotsak lagun. Aurretik, dantzari eta udal ordezkariak udaletxe zaharretik Andatzara kalejiran egin dute bidea.
Dantzarien artean, Arkaitz Naya Podemoseko zinegotzia eta Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki, EAJko zinegotziak izan dira. Dantza hauetaz gozatzen, alderdi guztietako zinegotziak izan dira. Bertan izan diren EHBilduko hiru zinegotziek 'Xirimiri Libre' leloa zeraman elastikoa jantzi dute.
Jesus Zaballos alkateak piztu du herritarren kalejira bitartean sua. Beste behin ere, suak herritarrak erakarri ditu plazara. Gaztetxoenak bukatu berri den ikasturteko apunteekin gerturatu dira hauek sutara botatzeko gogoz. Beste batzuek ordea paper txikietan idatzi dituzte erre beharreko guztiak.
Gau giro ezin hobean, suaren ikuskizunaz gozatu ahal izan da. Hasiera eman zaio ofizialki udarari eta beti bezala, San Pedro jaiak iristear direla iragarri dute esanahi sinbolikoz jositako, San Joan sugarrek.