Uzta oparoa Gipuzkoako udako txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 24a

Buruntzaldea IKTko igerilariak fin aritu ziren Azpeitian eta Legazpin, joan den asteburuan. Zilar eta brontzezko dominak, 36 marka pertsonal eta taldeko 11 errekor berri eskuratu zituzten bi txapelketetan.

Bikain aritu ziren Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutu mailako igerilariak Azpeitia eta Legazpiko txapelketan. Gipuzkoako gutxienekoak zituztenak (20 igerilari) Azpeitian egin zuten igeri larunbat zein igandean, Gipuzkoako Udarako Txapelketan. Minimak eskuratu ez zituztenek aldiz, Legazpin zuten hitzordua, Gipuzkoako Udarako Sarian.

Uzta oparoa Azpeitian

Hiru zilarrezko domina eta brontzezko bi, 29 marka pertsonal hobetu eta taldeko 11 errekor berri. Emaitza horiek denak ekarri zituzten bueltan Lasarte-Oriara Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek.

Nahia Jie Villamediana infantilak zilarrezko bat (400 estilotan) eta bi brontzezko (200 bizkar eta 200 estilotan) eskuratu zituen. Nora Irazustak ere zilarrezko domina irabazi zuen 800 libreetan, 10:01,95eko marka eginez. Absolutu mailako hirugarren postua ere eskuratu zuen. Beste zilarrezko domina bat kolkoratu zuen Leire Carcedok, 39,75eko denbora eginez 50 bular proban.

Absolutuei dagokienez, lehenengo postua erdietsi zuen Mikel Sotok 200 bular frogan, 2:41,23ko denbora eginez. Haitz Mitxelenak bigarren postuan amaitu zituen 100 eta 200 tximeletako frogak. Gertu ibili zen, baina Naiara Lizasok ez zuen lortu azkenean Espainiako txapelketarako gutxienekoa, 5 ehunekogatik. 28,30eko denbora eginda, marka pertsonala eta absolutu mailako errekor berria ezarri zituen. Mikel Esnal nagusi izan zen 50 tximeletako proban 26,05eko marka eginez. Horrez gain, 50 librean 23,90 eta 100 librean 52,29ko denborak egin zituen.

Erreleboei dagokienez, bigarren postuan sailkatu ziren neskak (Naiara Lizaso, Itsaso Tolosa, Irati Arzalluz eta Nahia Jie Villamediana); absolutu mailako errelebuko marka hobetu zuten 1:55,79ko denbora eginez. Mutilek berriz, hirugarren postua eskuratu zuten.

Gipuzkoako Udarako Saria

Buruntzaldea IKTko hiru taldekide izan ziren Legazpin igerian: Ane Otaegi, Ibane Otaegi eta Jon del Rio. 100 zein 200 libreetako probetan aritu ziren. Marka pertsonala hobetu zuen Jon del Riok 100 libreetan, 1:10,97ko denbora eginaz. Seigarren postuan amaitu zuen proba. Ane eta Ibane zortzigarren eta hamargarren izan ziren, hurrenez hurren.

200 libreetan euren marka pertsonalak hobetu zituzten Ane eta Ibane Otaegik. Seigarren eta zortzigarren izan ziren, hurrenez hurren. Bosgarren postua erdietsi zuen Jon del Riok.

Euskal Herriko Txapelketa Gasteizen

Junior zein absolutu mailako igerilariak Euskal Herriko Txapelketan ariko dira, Gasteizko Mendizorrotzan. Espainiako Txapelketarako gutxieneko markak eskuratze aldera euren onena emango dute. Asteburu honetan ez, hurrengoan joango dira infantilak Galdakaora (Bizkaia), Euskal Herriko Txapelketan igeri egitera.