Ttakun kultur elkarteak urtero bezala hainbat ekitaldi antolatu ditu San Pedro jaien baitan euskal giroa festetan ere zabaltzeko asmoz.
Adin guztientzako ekintza sorta prestatu da aurtengoan ere eta ohi bezala herritarren aldetik harrera ona izatea espero da.
Hauetako batzuek arrakasta ziurtatuta dutela esan daiteke, Sorgin Dantzak eta Zikiro afariak esaterako.
Haurren bazkaria
Bihar San Pedro jaiei hasiera emango zaie haurren txupinazoarekin eta azken urteetan ohikoa den bezala, etxeko txiki eta gazteak izango dira jaietako ekintzekin ondo pasatzeko aukera izango duten lehenengoak.
12:00etan, haurren txupinazoa egingo da Udaletxe zaharretik eta ondoren, 13:30ean, haurrak kalejiran joango dira Atsobakarreko parkeraino Txorotxarangaren doinuekin. Bertan, 14:00etan, haurren bazkaria, makarronada erraldoia antolatu du Ttakunek. 250entzat izango da gutxi gora behera.
8 eta 12 urte arteko gaztetxoak Okendo plazatik aterako dira kalejiran Atsobakar auzoraino, bertan makarroiak bazkalduko dituzte eta bazkalostean, 15:00ak aldera, Busti Blai ur festa arrakastatsua egingo dute.
Ur jolas ezberdinak burutuko dituzte haurrek 16:30ak arte eta “ziur haur eta gaztetxoek gustura hartzen dituztela ur jolasak,” aipatu dute antolatzaileek.
Ikastetxeetan aurreko astean lagun koadrilaren izena eta irudiarekin margotutako kamiseta dotoreak erakusteko aukera izango dute gainera haurrek egun honetan.
Sorgin Dantza Oriatik
Jaietako adierazgarri da Sorgin Dantza eta aurten ere ez du hutsik egingo. Iazkoa azken urteetako Sorgin Dan-tzarik jendetsuena izan zen.
320 bat herritarrek parte hartu zuten eta arrakasta errepikatzea da antolatzaileen nahia.
1994tik antolatzen du Ttakun elkarteak eta dagoeneko Lasarte-Oriako herriaren eta bertako festa nagusien ikur bihurtu den Sorgin Dantza. Aurten ere Okendo plazan burutu dira entseguak hilabete osoan zehar eta oso harrera ona izan dute.
Helduen zortzikotearekin batera gazteen zortzikotea osatu da aurten ere.
Ikastetxeetan egin zen deialdia eta hortik interesa izan duten gaztetxoekin eratu da.
Sorgin Dantza, Oriatik abiatuko da bihar, 16:30ean gutxi gorabehera eta dantzariek bertan egon beharko dute 16:00etarako.
Ordutegia betetzea garrantzitsua dela aipatzen dute antolakuntzatik eta horregatik herritarrei puntual azaltzea eskatzen zaie.
Aurten bidean dantzariek egingo dituzten geldialdiei dagokionez, Orian lehenengoa, Biyak Bat jubilatuen elkartearen parean bigarrena eta Udaletxe zaharraren aurrean hirugarrena izango da.
Dena ondo bidean eta eguraldiak laguntzen badu, Okendora 19:00etan txupina bota aurretik iritsiko dira dantzariak eta azken dantza plazan eskainiko dute.
Zikiro afaria
Gauean askorentzat ere tradizio bilakatu den zikiro afaria egingo du Ttakunek Okendo plazan bertan.
Arratsaldeko lehen orduetatik arituko dira sukaldariak 21:30etarako guztia prest izateko. Beraz, usain ederra izango da arratsalde osoan zehar Okendo plazan.
Afarian, entsalada eta zikiroa egongo da 250 lagunentzat, giro ezin hobean.
Honetan parte hartzeko salgai izan dira txartelak azken bi asteetan Ttakun eta Jalgin.
Bapo afalduta, dantzarako garaia izango da.
Kantu Jira
Igandean, Ttakunen egitarauan gero eta arrakasta handiagoa duen kantu-dantza jira egingo da goizean.
Aurten ere iaz egin bezala, dantza plazako dantzariek lagunduko dute eta dantza eta kantua uztartuko dituzte ibilbide osoan zehar.
Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Sagardotegi kaletik euskal abestiak kalez kale kantatu eta dantzatuz.
Honetan herriko plaza dantza taldeko kideekin Donostiakoa izango da. Erketzeko dantzariak arituko dira hauekin ere.
Xumela abesbatzak eta Albokako kide batzuk ere parte hartuko dute euren ahotsak batuz eta gonbidatuta daude bertan parte hartzera, Hondarribi, Zarautz, Usurbil eta Donostiako kantu jiretako kideak. Horrela izanda, jendetza elkartzea espero dute eta herritarrak ere hauetan batu ahal izango direla gogoratzen dute antolakuntzatik.
Sagardo dastatzea
Arratsaldean, Sagardo dastatzea eta dantza gidatuekin primeran pasatzeko aukera izango da.
Honetan herriko Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsate baserrietako sagardoa banatuko da.
18:00etan hasiko da sagardo banaketa Okendo plazan. Edalontziak euro bat balio du eta gainontzean, nahi guztia edan ahal izango dute herritarrek.
20:00ak arte luzatzea espero da, edota sagardoak iraun arte.
18:30 ean hasiko da dan-tza gidatua eta nahi duten herritarrek parte hartu ahal izango dute. Dantzan dakitenek eta ez dakitenek ederki pasatzeko aukera izango dute.
Gidari lanetan David Egizabal eta Maider Oiartzabal izango dira.
Bertso saio berezia
Gauean berriz, bertsoez gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei.
San Pedro jaietako bertso saio berezia Manuel Lekuonan egingo da 22:00etatik aurrera.
Aurten, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin, Unai Muñoa eta Patxi Etxeberria arituko dira oholtzan. Gaiak berriz, Inazio Usarraldek jarriko ditu.
Bertso saio polita antolatu du aurtengoan ere Ttakuneko Earra! Bertso eskolak.
Bertsozaleek maila altuko emanaldiaz gozatu ahal izango dute.
Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Manuel Lekuona kultur-etxeko lehiatilan 5,50 eurotan edo aurretik Internet bidez.
Aukera zabala eta adin guztietarako ekintzak izango dira Ttakunen esku San Pedro jai hauetan ere.
Herritarrei ekintzetan parte hartzeko eta ondo pasatzeko deia egiten zaie elkartetik.