Gozokiak, ilusioa eta opari mordoa Errege Magoen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 5a

Urtero lez, Ekialde Hurbiletik Lasarte-Oriara etorri dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, laguntzaileekin batera. Egun osoa pasa dute herrian gozokiak eta ilusioa banatzen. Opariak ere utziko dituzte herritarren etxeetan, baina gau partean izango da hori. Merezitako atsedena hartuko dute orain, arratsaldeko kabalgata ikusgarriaren ostean.

Ekialde Hurbileko Errege Magoek ez dute hutsik egin eta urtero bezala bisita luzea burutu dute herrian. Goiz eta arratsaldean zehar eskutitzak jaso eta Atsobakar egoitza bisitatu ostean, kaleetan barrena desfilatzeko prestatu dira, Megaba elkarteak antolatutako kabalgata ikusgarrian.

Oria auzoan jarri dira martxan; Biyak Bat jubilatuen egoitzan egin dute lehenengo geldialdia. Horren ostean, Kale Nagusian barrena abiatu dira. Ezkerretara hartu dute segituan, Brigitarren komentura bisita egiteko. Bertako mojek pozarren hartu dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek emandako goxoki eta opariak. Ostean, Kale Nagusia zeharkatu eta Tajamarreko biribilgunean itzulia eman ostean Pablo Mutiozabal kalera joan dira, herritarren oihu eta poz keinuei gozokiekin erantzunez. 

Iñigo de Loyola kalera iritsi eta Geltoki Kaleraino joan dira, bertan Okendo plazaranzko norabidea hartuz. Antonio Mercero plazan Jesus haurtxoa gurtu dute, ondoren ikuskizun piroteknikoaz gozatu eta udaletxe berriko balkoira igo dira, herritarrengana zuzendu eta jasotako harrera beroa eskertzera. Era berean, marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte Jesus Zaballos alkateak eta Boris Nogales Megabako kideak. 6 urteko Ibon Elola Perezek irabazi du A kategoriako saria, eta 10 urteko Nacho Fernandezek C kategoriakoa. Azken honen marrazkia erabili dute antolatzaileek kabalgata iragartzeko.

Atseden hartzen ari dira orain, lanordu asko baitituzte aurretik, eurekin ekarri dituzten opari denak herritarren artean banatu behar baitituzte. 

Goizetik ilusioa banatzen

Lasarteoriatarren etxeak opariz beteko dituzte Errege Magoek. Hala ere, goizean goiz hasi dute bisita. 11:00ak aldera, Atsobakar Egoitzean izan dira. Aiton-amonek, gurasoek eta bilobek azken desioak eskatzeko aukera izan dute bertan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar pozik jaso dituzte denak, eta lotsatienekin ere argazkiak atera dituzte.

Errege Magoen laguntzaileak, aldiz, kalean egon dira. Okendo plazan eta Brigitarren komentuan haurrak gerturatu zaizkie. Batzuk eskutitza zuten eskuan, eta emateko ez dute aukera galdu, nahiz eta azken momentuan izan. Beste batzuek aspaldi bidali zuten, baina desio eta azken uneko aldaketak gogarazi dizkiete. Ez da inor esku hutsik etxeratu. Izan ere, gozokiak banatu dituzte pajeek. 

Egunak utzitako irudiak bilduz argazki galeria egin dugu.