Buruntzaldeako Partaidetza Aurrekonturako lehentasunak, zehaztuta

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 12a

Hamar puntuko zerrenda argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi milioi euro inbertituko ditu horietan. Martxoan hasi zuen prozesu parte-hartzailea.

Hamar proposamen dira, hainbat esparrutakoak. Gai sozialei buruzkoak dira batzuk: etorkinak eta langile domestikoak diren emakumeekin komunitate-mailako esku-hartzea, gaixotasun mentalak dituzten pertsonei begira ekintza zehatzak edota lan-proiektu bat egitea, autobusak eta geltokiak ezindu fisikoen beharren arabera egokitzea eta behar bereziak dituzten haurrak birgaitzeko diziplina anitzekoa den zentro bat eraikitzea.

Ekologia dute ardatz zerrendako beste puntu batzuek: ekonomia berdearen inguruko lanpostuak sortzea eskatu dute Buruntzaldeako biztanleek, eta baita nekazaritza ekologikorako kooperatiba bat eratzeko ere.

Ekonomiari dagokionez, eskualdeko baserritar eta nekazarien ekoizpen eta kontsumoa sustatzea ere lehentasunen zerrendan sartu dute. Ekonomia sozialak ere badu tokia zerrenda horretan: Buruntzaldeako erosketa-biltegi zentral bat sortzeko eskatu dute, ekonomia sozialaren irizpideak oinarrian izango dituena.

Zerrenda horrek baditu beste bi puntu ere: Eskualdeko Garapen Plana modu parte-hartzaile batean burutzeko eskaera eta Buruntzaldean irisgarritasun azterketa eta ekintza plan bat egitea. 

Martxoan hasi zuen Partaidetza Aurrekontuak osatzeko prozesua aldundiak. Hamar eskualdek hartu dute parte horretan, Buruntzaldea barne. Lasarte-Oriako bilera apirilaren 14an egin zuten, Villa Mirentxun.