"Denboraldi oso polita izan da aurtengoa, hunkigarria. Pertsonalki, asko gozatu dut". Gorka Aristegi entrenatzailearen hitzak dira. Atzo eman zioten amaiera 2014-2015 sasoiari, kiroldegian erakustaldia eginez.
"Balorazio oso positiboa egiten dugu, ez emaitzengatik soilik, baita urteko osoko sentsazioengatik ere", adierazi du Aristegik. Atzoko erakustaldiarekin ere gustura da entrenatzailea: "Klubeko eta Eskola kiroleko 80 bat judoka elkartu ginen atzo kiroldegian, ederki pasa genuen".
Sagastik brontzea Jakan
Asier Sagasti, Beñat Elizalde eta Josu Olmos judokek Jakan aritu ziren lehian asteburuan, Senior Kopan. Sagastik brontzezko domina eskuratu zuen bertan, baina orokorrean emaitzak ez dira onak izan, Aristegiren hitzetan: "Mutilak ongi aritu ziren larunbatean, baina emaitza hobeak espero genituen egia esan".
2015-2016 denboraldia
Aurtengo sasoia amaituta, hurrengora begira daude jada LOKEko judo taldeko kideak. "Hurrengo denboraldia bukatu berri dena bezain ona izatea sinatuko nuke", azpimarratu du Aristegik.
"Oso talde politak ditugu konpetizio maila desberdinetan, eta hor ariko gara lehian orain arte egin bezala", aurreratu du entrenatzaileak.
Denboraldi arrakastatsu bati maila bereko bukaera emango dio LOKE elkarteak igandean. Sail desberdinak Araeta jatetxean elkartuko dira bazkaltzeko. "Guztira 140 bat lagun bilduko gara Araetan igandean; arrakasta eduki dugu bazkaria antolatzekoan ere", esan du Aristegik.