Anoetako hautestontzia betetzeko deialdia

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 17a

Donostiako Anoeta estadioan izango da Gure Esku Dagoren aurtengo ekitaldi nagusia. Hori baino lehen, motorrak berotzen jartzeko, pare bat ekintza antolatu ditu herriko taldeak ostiralean: globo hegaldia 18:00etan Tximistarretan eta 'Jostunak' dokumentalaren proiekzioa 19:00etan Villa Mirentxun.

Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea “borondatez” beteko ditu Gure Esku Dagok igandean. Lasarte-Oriako herritarrek Donostian dute zita, Anoeta estadioan. Ekitaldi handirako egun gutxi falta direnez, herriko GED taldeak martxan jarri ditu motorrak jada eta Donostiara joateko deialdia egin du.

17:30etan hasiko da ekitaldi nagusia, hilabeteotan prestatutako oihal zatiekin postontzi erraldoi bat irudikatzearena, baina horrez gain hamaika gauza antolatu dituzte Gure Esku Dagoko taldeek.

Giza kate erraldoi batek Durango eta Iruñea lotu zituen iaz. Eskala txikiagoan, baina Urumea ibaiko sei zubiak batuko ditu aurten igande goizean Donostian egingo den oihal kateak. Herriko GED taldeak 10:30etan jarri du hitzordua Koldo Mitxelena aurrealdean (Buen Pastor eliza atzealdean), bertan elkartu eta musikarien laguntzaz Lasarte-Oriari dagokion gunera ('Lasartealdea') joateko. Oihal katea 12:00etan hasiko da, eta handik ordu erdi ingurura bukatu.

Ostean, Anoetara abiatzeko ordua izango da. Musika eta txoznak izango dituzte zain miniestadioan, eta bazkari herrikoia Ilunben. Indarrak berreskuratu ostean, 16:30ean irekiko dira Anoetako ateak eta handik ordubetera hasiko da ekitaldi nagusia.

Sarrerak salgai

Estadio barrura sartu nahi duen orok sarrera (10 euro helduenak eta 5 haurrenak) erosi beharko du. Oraindik sarrera eskuan ez daukaten herritarrek aste honetan zehar edukiko dute azken aukera, Gure Esku Dagok Okendo plazan jarriko duen postuan.

Gaur 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik postua. Bihar 19:00etatik 21:00etara irekiko dute, 17:00etatik aurrera ostiralean eta 11:00etatik 13:00etara larunbatean. Kamisetak eta beste zenbait produktu ere erosi ahalko dituzte Okendora gerturatzen direnek.

Globo hegaldia

Igandera arte itxaron gabe, ostiral arratsaldean globo hegaldia antolatu du GED taldeak, arratsaldeko seietan. Joan den ostiralean ziren ekitaldi hori egitekoak, baina eguraldi txarra zela eta bertan behera utzi behar izan zuten eta zozketako saridunak bidaiatxo hori egin gabe geratu ziren. Globo hegaldiarenaz gain, azken oihalak josi eta iganderako bobinak prestatuko dituzte.

Tximistarretako ekitaldia bukatu bezain pronto Villa Mirentxun dute zita herritarrek. ‘Jostunak’ dokumentala proiektatuko dute bertan Gure Esku Dagoko taldekoek, 19:00etan.