Herri kirolak Zabaletako festei amaiera emateko

jon-altuna-egitegi 2015ko eka. 7a, 21:26
Lege onean bukatu dira 2015eko Zabaletako jaiak. Herri kirolek hartu dute protagonismoa igande goizean.

Pepe Enea baserriko idia eta zaldiaren demak ikusmin handia piztu du, zeinek plaza gehiago egingo 20 minutuko denboran 850 kiloko harria mugituz. Lehia handi eta gogor baten ostean, Imanol Mujika eta Santi Telleriaren bost urteko zaldiak irabazi du, 50 plaza osatuta. Enrike Artola eta Inaxio Telleriaren 650 kiloko idiak berriz 46 plaza osatzea lortu du. Ostean, Errezildik gurera etorrita, Aimar Irigoien harri txiki eta handietako Euskal Herriko txapeldunak eta Beñat Telleria herriko harrijasotzaile gazteak erakustaldia egin dute Antonio Blas plazan. Telleriak 100 kiloko zilindrikoarekin 20 jasoaldi egin ditu 1:44 minutuko denboran eta kubikoari 14 jasoaldi eman dizkio 2:00 minutuko tartean. Irigoienek berriz 125 kiloko zilindriko zaharra 20 aldiz berdindu du 2:00 minutuan eta 125 kiloko kubikoa 12 aldiz jaso du denbora bera erabilita. Amaitzeko, denbora librean jardun dute Telleria eta Irigoienek 100 kiloko bolarekin. Bien artean 40 aldiz jaso dute harria ikusleen gozamenerako. Ohi bezala, Luis Mari Telleria izan dute laguntzaile lanetan.