San Joaneko soka dantzara gonbitea

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 8a

San Joan bezperan suaren inguruan dantzatzen da, urteroko soka dantzan. Erketz dantza taldeko kideek azken urteetan hainbat udal ordezkari ere izan dituzte eurekin dantzan. Aurtengoan herritarrei dei egiten diete honetan parte hartzera eta nahi dutenek eurekin entseguak egiteko aukera izango dute.

Erketz dantza taldeak  urtero dantzatu ohi du San Joan suaren inguruan soka dantza. Aurtengoan, dantza jendetsua izan dadin, herritarrak gonbidatu nahi ditu honetan parte hartzera. Dantza honek euskal folklorean duen tradizioa azpimarratu nahi du Erketzek. “Galdu ezin den” usadioa dela azpimarratuz. Neguaren agurrarekin uda bere agerraldirako prest dago.

“Euskal Herrian hain arrunta dirudienen gertaera hau ez da oharkabean pasa herritarren jakindurian. Hori horrela denik, eta gure herriak garrantzizkoak dituen gauza eta gertaerak dantzaren bidez adierazteko duen joera kontuan izanik, ez genuke harritu behar egun seinalatuetan gure folklorearen barnean dantza bat topatzea”. 

Usadio horren nondik norakoak ziurtasunez jakitea “lan nekeza” da. “Halere, badakigu, aurreko mendean dagoeneko zenbait herritan ospatzen zela Soka dantza, udako solstizioarekin, San Juan egunari lotuta”. 

Soka dantzaren bidez, “dantzak egiten gaitu sokaren partaide, eta horrela herria osatzen dugun bezelaxe, sokak elkarri lotzen gaitu korapiloen bitartez, gure batasunaren adierazgarri, horregatik soka-dantzan zubiak egiten dira, eta aurreko eta atzeko zubiak gure soka korapilatzen du, sokako hari guztiak eusteko, eeten ez dadin”.

Erketzeko kideek esan bezala, “usadio hau leku askotan galdu egin da, nahiz eta aldi berean, gure esku dagoen berreskuratzea“. 

Entsegu irekiak

Hain zuzen hori da Erketzek luzatu nahi duten gonbitea. Soka dantzaren usadioari gurean jarraipena emateko, herritarren laguntza behar dute eta asmo horrekin gonbidapena luzatu nahi diete herritarrei Soka dantzan parte har dezaten. 

Dantza ongi prestatzeko, hiru saio ireki egingo dituzte datozen egunetan. Lehenengoa ostiralean izan zen, eta honetan Alboka eta Zero Sette ere izan ziren. Hurrengoak, ekainaren 9an eta 16an biak astearteak, 20:00etan izango dira. Entseguak euren lokalean, Zumaburuko eskolan egingo dituzte.  “Entsaiatzeko prest han egongo gara, animatu eta dantzatu gurekin”. 

San Joan ospakizunak

Usadioari jarraikiz, ekainaren 23an 21:30etik aurrera ospatuko da San Joan sua Okendon.
Udaletxe zahar aurrean hasiko dira ekintzak. Kalejiran dantzari, udal batzar kideak eta musikariak Okendora hurbilduko dira.

Plazara iristean Erketz EDT, Erketzen lagunak taldea eta animatzen diren herritarrek sokadantza eta San Joan zortziko tradizionala dantzatuko dute. Aurten gainera, Erketzeko musikariez gain, Zero Sette akordeoi orkestra eta Alboka abesbatzako kideak izango dira hainbat zatitan haien kantu eta doinuez laguntzen.

Dantzak amaitzean, kalejira herrikoia egigo dute eta 22:00etan sua piztuko da, ohitura den moduan.