Bidegorriaren irekiera ibilaldia, datorren larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 8a

Herritar talde batek Lasarte-Errekalde bidegorri berriaren herri-inaugurazioa antolatu du eta lasartearrei bertan parte hartzeko deia egin nahi die. Ekimena ekainaren 13an izango da, larunbatean, 11:00etan Eusko Treneko geltokitik oinez zein bizikletaz abiatuta.

Helburua bidegorri berriagatik poza agertzea da eta, aldi berean, hemendik aurrera bide beretik pauso gehiago eman behar direla aldarrikatzea.

“Gure iritziz, poza ondo justifikatuta dago. Izan ere, bidegorriak hautsi du Lasarte-Oriaren isolamendu ulertezina. Ulertezina diogu, ulertezina baita herritik Errekaldera joateko (2,5 kilometro) derrigorrean autoa, autobusa edo trena hartu behar izatea. Orain, aldiz, bidegorri berriari esker, oinez edota bizikletaz modu zuzen eta seguruan joateko aukera dugu, eta Errekaldetik barrena Donostiaraino (eta alderantziz, jakina). Beraz, esan bezala, poza ondo justifikatuta dago. Baina, aldi berean, bidegorri berriak argi erakusten du lana ezin dela inolaz ere bukatutzat eman, eta bide beretik pauso gehiago egiten jarraitu beharra dagoela. Izan ere, premiazkoa da Foru Aldundiak egin duen bidegorri berria eta Garaikoetxean abiatzen den herriko bidegorria elkarren artean lotzea. Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar Lasarte-Oriak ez duela Donostiarekin soilik komunikazio-arazorik. Usurbilera edo Andoainera oinez edo bizikletaz joateko ere nahikoa komeria dago. Hau da herri-inaugurazioari eman nahi diogun zentzua”, adierazi dute.

Hamaiketakoa

Eusko Treneko geltokitik abiatuko da txangoa oinez eta bizikletaz, Errekaldera iritsi arte eta buelta. Edozeinek parte hartzeko moduko ibilaldia da. Tartean inaugurazio-ekitaldi xume bat ere egongo da: hitz gutxi batzuk, musika eta hamaiketakoa, norberak berea eraman dezan, antolatzaileek denontzako sagardoa eramango dute.