San Pedro Jaietan hamaika ekintza

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 9a, 13:00

Ekainaren 4an Udalak San Pedro Jaietako egitarauaren aurkezpena egin zuen. Egun hauetan etxeetan banatu eta guztion eskura iritsiko da. Ekainaren 26tik 30era Lasarte-Oria jaia giroan murgilduko da eta adin guztietarako ekintzak izango dira.

Motorrak berotzen joateko garaia da. San Pedro Jaietarako bi aste geratzen dira eta papereko egitaraua aurki iritsiko da etxeetara.

Udalak elkarte eta taldeekin batera egitarau anitza eta zabala antolatu du.

Ekainaren 26an, haurren txupinak emango dio hasiera ofizialki aurten ere jaiei. Hala baina, ohikoa den bezala, Sorgin Jaiek aurre hartu eta ekainaren 25 arratsaldean Okendo plaza eta Lasarte-Oria sorginduko dute.

Txaranga, kale ikuskizunek edo musika taldeek kalean giroa jarriko dute.

Honetaz gain, haur zein helduentzat ekintza ugari izango da. Etxeko txikiek Busti Blai ekimena, jolas parkeak, bolo eta toka txapelketa, antzerkia edo aparraren festa izango dute. Aurten gainera, berrikuntza nagusia Gaztetxoen danborrada izango da. Hau ekainaren 28an 11:00etan aterako da Manuel Lekuona kultur etxetik.

Helduei dagokionez, aurtengo berrikuntza txirigota eta zumba eta jumping fitness emanaldiak dira. 

Ekainaren 27an, arratsaldeko 17:00etan, Cadizeko inauterietako xarma izango da Lasarte-Orian. Txirigoata lehiaketan bigarren eta laugarrenak sailkatu ziren Los niños de la Mary eta El que entra no sale taldeen emanaldia ikusiko da. 

Eta ekainaren 28an, arratsaldeko 19:30ean, zumba eta jumping fitness emanaldia izango da Andatza plazan. Gainera, herritarrek bi ekintza hauetan lehen pausoak emateko aukera ere izango dute.

Bestalde, Gatibu, Zea Mays, Gozategi, eta Ze Esatek!! taldeek jarriko diote musika aurtengo San Pedro Jaiei. Zea Mays eta Gozategik ekainaren 26an jarriko dute dantzan Okendo plaza, ekainaren 27an, berriz, Gatibu eta Ze Esatek!! taldeen txanda izango da.

Gauero zezen suzkoarekin Kale Nagusian barrena lasterka egiteko aukera izango da eta La Locomotora del infierno piroteknia ikuskizunaz ere gozatu ahalko da ekainaren 27an 01:30ean.

Helduen txupina, omenaldia, Sorgin dantza, helduen danborrada, herri kirolak, bertsolariak, pilota eta emakumezkoen pala txapelketako finalak, sardina jatea, sagardo edo miga dastatzea,... lau egunetan denetarik izango da eta noski, urtero legez, su festa eta zezen suzkoak emango diote amaiera jaiei.

Egitaraua aztertu eta ekintzak aukeratzeko garaia da eta TXINTXARRIk aukera hori emango dizue. Izan ere, azpiko dokumentuak atalean aurkitu baitezakezue aurtengo San Pedro Jaietako egitaraua. Helburua, San Pedro Jaietan ongi pasa eta gozatzea.