EH Bildurekin batera, EAJk eta LOHPk ahalbidetu zuten "aldaketa emankor" hori duela lau urte. Oraingo honetan ordea, "zaila" ikusten du koalizio abertzaleak akordioa errepikatzea, Lasarte-Oriak Ahal du eta EAJrekin egindako bilerek ez dituztelako "nahi izandako fruituak" eman.
“Zaila izango da akordio batera heltzea, baina ez gara gu izango aukera horri ateak itxiko dizkiogunak”, adierazi du EH Bilduk.
Larunbaterako asmoa
Larunbat honetan jakingo du herriak datozen 4 urteetan alkatea nor izango den. Egun hori baino lehen, alderdi desberdinekin aipatutako alderdiekin bildu da koalizio abertzalea.
Hala ere, koalizioaren hitzetan, asmoa “berdina” da: “Oposizioko alderdi bozkatuena garen heinean, gure hautagaia Pablo Barrio izango da. Zentzu horretan, Lasarte-Oriak Ahal du eta EAJri eskatu nahi diogu beharrezko hausnarketa burutzeko, herri honen norabidean pauso garrantzitsuak ematen jarraitzeko aukera baitugu”.
Maiatzaren 24ko hauteskundeak
“Aldaketa” horren harira, EH Bilduren esanetan “berretsi” egin dute egindako lana maiatzaren 24ko hauteskundeek, “aldaketaren alde” jarraitzearen aldeko bozka kopurua igo egin baita: “Duela 4 urte 4.239 izan ziren aldaketaren aldeko bozkak (EH Bildu, EAJ eta Herritar Plataforma); azken hauteskundeetan 1.034 boto gehiago eskuratu ditu aukera horrek, herritarrek ulertarazi dute bide horretatik jarraitu nahi dutela”.
“Betiko kudeaketa” delakoarekin konparaketa bat egin du koalizioak: “PSE eta PPren kudeaketa ereduak ere bozka gehiago lortu ditu, baina 85 besterik ez dira izan. Udalerriak lau urteotan jasan duen aldaketa emankorraren alde bozkatu du herritarren gehiengoak”.