Lasarte-Oriako Palestinaren lagunak taldea iazko uztailan Gazan gertatutako sarraskiaren ondorioz sortu den taldea dugu. Haiek azaldu zuten moduan, "elkarretaratzeetan biltzen ginen jendea batu eta taldea sortzea otu zitzaigun".
Hainbat ekintza egin dituzte geroztik. Horien artean elkartasun afariak eta bertan bildutako diruari esker, Gazako eremuan gerrateko hondakinen artean baratzak egin ahal izan dituzte.
Bideoa
Orain, Lasarte-Oriako herritar, elkarte eta alderdien laguntzarekin Israeli boikota egiteko bideoa kaleratu dute eta atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena. Elkarteko kideek eskerrak eman zizkieten honetan parte hartu duten herritar guztiei.
Bideoren ostean, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretora hurbildu ziren herritarrek 'Y sin embargo, Al Quds' dokumentala ikusi zuten. Honetan Jerusalem ekialdean bizi den egoera aztertzen da. Honetan palestinatarren eta judu batzuen bizipenak eta iritziak entzun daitezke.