Santi Arrozpideri 17 urteko zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 3a

Auzitegi Nazionalak Arrozpidek Madril komandoari Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal orokor ohiaren kontrako atentatua egiteko agindua eman ziola egotzi eta 17 urteko kartzela zigorra ezarri dio.

Maiatzaren 18an hasi zen Santi Arrozpideren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, 1986ean Madrilen gertatutako atentatu batean parte hartzea leporatzen zioten.

Gaur Auzitegi Nazionalak proba eta deklarazio guztiak aztertu ostean, Arrozpidek Madrilen Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal orokor ohiaren kontrako atentatua egiteko agindua eman zuela egotzi eta 17 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Fiskalak 14 urteko espetxe zigorra eskatu zuen epaiketa hasieran..

Abenduan aske

Herriko presoa Frantzian betetako espetxe urteak kontutan hartuta atera zen kartzelatik abenduan. Erabakiak polemika handia sortu zuen, eta martxoan, Auzitegi Gorenak, baliogabetu egin zuen Plazaola eta Arrozpide aske uzteko Auzitegi Nazionalak abenduan hartu zuen erabakia.

Baina dagoeneko espetxean zen Arrozpide, 80. hamarkadako bi atentatuetan parte hartu izana leporatuta urtarrilean atxilotu baitzuten.

Auzi honetaz gain, 1987an Bartzelonan Juan Fructuoso Gomezen kontrako atentatuagatik ere auzipetuko dute.